Itxi

Manifestazioa, Bilbon

Jaurlaritzak ez du parte hartuko "euskararen aurkako oldarraldia" salatzeko Kontseiluak deitutako protestan

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Leer en Castellano

EAJk, EH Bilduk eta Sumarrek bat egin dute manifestazio deialdiarekin. Euskarabidea institutuko zuzendari Javier Arakama ere izango da larunbateko mobilizazioan, Nafarroako Gobernuaren izenean, baita udal erakundeetako eta sindikatuetako ordezkariak ere.

Euskalgintzaren Kontseiluak Bilbon emandako prentsaurrekoa. Argazkia: Kontseilua

Eusko Jaurlaritzak ez du bat egingo, Euskalgintzaren Kontseiluak deituta, larunbatean Bilboko kaleetan bilduko den euskaltzale oldearekin. Euskara defendatzeko, eta berorren "normalizazioaren kontra doan auzitegien esku-hartzea" salatzeko, manifestazio jendetsua espero dute Bizkaiko hiriburuan, etzi.

EAJ, EH Bildu eta Sumar hantxe izango dira, iragarritakoa betez gero, baita Euskarabidea institutuko zuzendari Javier Arakama ere, Nafarroako Gobernuaren izenean. Udal erakundeetako eta sindikatuetako ordezkariek ere hartuko dute parte mobilizazioan.

Jaurlaritzaren iragarpenaren aiduru zegoen Euskaltzaleen Kontseilua, jakin-minez. Jaurlaritzako iturriek adierazi dutenez, ez dute ohiko manifestazioetan parte hartzea, eta oraingo honetan ere ez dute horrelakorik egingo.

Edozelan ere, Iñigo Urkulluren gobernuak eta lehendakariak berak ezinegona agertu dute behin eta berriz euskararen aurkako azken epai judizialen aurrean, eta iragarri dute horren kontra egingo dutela.

Urriaren 20an Legebiltzarrean egindako saioan, esaterako, Urkulluk salatu zuen esparru judizialean "sentsibilitaterik" gabe ari zirela jokatzen, euskararen erabilerarekin lotutako politikei dagokienez. Orduan aurreratu zuen, hain zuzen ere, Jaurlaritzak Gorenera joko zuela, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren azken epaiak salatzeko.

Gaur bertan, EAJk eta EH Bilduk epai horiek "irmoki" gaitzesten dituen testu bat adostu dute Legebiltzarrean, "euskararen biziberritzeari ez ezik", "kontsentsu sozial handi bati" eraso egiten diotela iritzita. Bi alderdiek itundutako ekimen horrekin, Legebiltzarrak bat egin du larunbateko manifestazioarekin.

Albisteak (1)