Sanchezen inbestidura
PSOEk eta Juntsek onartu dute Sanchezen inbestidurarako negoziazioak "luzatzen" ari direla
Agentziak | EITB Media
Osteguneko bilera ere PSOErekin itunik egin gabe amaitu zen, baina negoziazioak zabalik jarraitzen zuela aurreratu zuten. Talde katalanaren asmoa itun "globala" bilatzea da, gatazkaren konponbidea, amnistia eta autodeterminaziorako oinarriak bilduko dituena.
Bruselan bilduta egon dira, bigarrenez, Santos Cerdan PSOEko Antolakuntza idazkaria eta Carles Puigdemont Generalitateko presidente ohi eta Junts alderdiko eurodiputatua, Pedro Sanchezen inbestidura bermatuko duen akordio bat ixten saiatzeko, eta oraingoan ere itunik gabe amaitu da batzarra.
Bi aldeek onartu dute negoziazioak "luzatzen" ari direla, eta mahai gainean dituzten testuak "oso aurreratuta" dituzten arren, oraindik "itxi gabe" daudela gehitu dute. Negoziazioko iturrien arabera, azken orduotan "dei eta dokumentu asko" partekatu dituzte, "teknikoki oso konplexuak", eta horiek aztertzeko eta lantzeko "denbora" behar da.
Jaume Asens Kongresuko diputatu ohi eta inbestidurarako Sumarreko negoziatzaileak, bere aldetik, ostiral honetan adierazi duenez, "ezinezkoa" da PSOEren eta Juntsen artean Sanchezen inbestidura ahalbidetuko duen amnistia legearen inguruko akordiorik ez egotea. Desadostasuna "artikulu batean edo bitan" oinarritzen dela berretsi du, Puigdemonten taldekoek ERCk baino "pixka bat urrunago" joan nahi dutelako.
Era berean, Jordi Turull Juntseko idazkari nagusiak bere alderdiaren zuzendaritzari gaur igorritako idatzi batean dio ERCk PSOErekin atzo itxitako akordioa ez dela nahikoa, eta harago joan beharra daukala amnistiaren legearen testuak. "Ez dugu soldadu bakar bat ere bide bazterrean utziko", esan du Turullek.
Atzo arratsalderako espero zen akordioa, baina bilera PSOErekin itunik egin gabe amaitu zen. Juntsen asmoa itun "globala" bilatzea da, gatazkaren konponbidea, amnistia eta autodeterminaziorako oinarriak bilduko dituena.
Felix Bolaños Presidentetzako, Gorteekiko Harremanetarako eta Memoria Demokratikoko jarduneko ministro eta PSOEren negoziazio-batzordeko kideak argi utzi zuen ostegunean Junts alderdiarekin akordioa lortu bezain laster jakinaraziko dituztela xehetasun guztiak eta publiko egingo dutela hitzartutakoa, ERCrekin akordioa adostu ostean egin bezala.
Kongresuak larunbatak eta igandeak gaitu ditu inbestidurarako
Bien bitartean, Kongresuko Mahaiak azaroaren 27ra arteko larunbatak eta igandeak gaitzea onartu du, PPren abstentzioarekin, inbestidurarako saioak egiteko beharrezkoa izango balitz, egun horietan egin ahal izateko, Mariano Rajoyrekin 2016an eta Pedro Sanchezekin 2020an gertatu zen bezala.