Alderdi Popularra
Javier de Andresek hartu du euskal popularren gidaritza, militantziaren % 97ren babesarekin
Agentziak | EITB Media
De Andresek esan du popularrak direla Euskadin "sanchismoaren orbitan" sartuta dauden alderdien alternatiba bakarra. Iturgaizek agur esan die PPko afiliatuei gaur Gasteizen egindako XVI. Kongresuan, Javier de Andres aukeratu baitute alderdia zuzentzeko.
Javier de Andres Euskadiko PPko presidente berria, XVI. Kongresuan izena eman duten afiliatuen botoen % 97,39 eskuratuta, alderdiaren buru izango da gaurtik aurrera, datorren urteko hauteskunde autonomikoetan EAJri zentro-eskuineko botoa kentzeko erronkarekin.
Bozketaren aurretik egin duen hitzaldian, Javier de Andresek Pedro Sanchezen "orbitan" dauden gainerako euskal alderdiek ordezkatzen duten "ezkerreko ereduari" aurre egiteko taldea aurkeztu du, eta esan du popularrak direla Euskadin "sanchismoaren orbitan" sartuta dauden alderdien alternatiba bakarra. Hori dela eta, Alderdi Popularrak Euskadin hauteskunde-eremu "askoz zabalagoa" lortzeko aukera duela adierazi du.
De Andresek PPren "autonomismoa" eta euskal autogobernuarekin duen konpromisoa azpimarratu ditu. "Baina, noski, nik autogobernu bat nahi dut, hemen Irene Monteroren politika soziala gauzatu ez dadin; gure baliabideak eta aukerak aprobetxatzeko aukera izan nahi dut, hemen Pedro Sanchezen politika ekonomikoa aplika ez dadin", gaineratu du.
Hala adierazi du De Andresek bere hautagaitzaren aurkezpenean, eta Zuzendaritza berriko kideen izenak aurreratu ditu.
Orian arte Laura Garridok Idazkaritza Nagusian bete duen tokian izango da hemendik aurrera Esther Martinez, PPk Bilboko Udalean duen bozeramailea.
Gainera, honakoek osatuko dute Euskadiko PPko arlo nagusien organigrama: Esther Martinez (Idazkaritza Nagusia), Borja Corominas (Ekonomia idazkariordea), Ana Morales (Gizarte Politiketako idazkariordea), Iñaki Garcia Calvo (Udal eta Foru Koordinazioko idazkariordea), Laura Garrido (Osasun idazkariordea), Carlos Garcia (Mobilizazioko eta Partaidetzako idazkariordea), Jon Albisu (Gizarte Ekimenetako idazkariordea), Mikel Lezama (Kultura eta Kiroleko idazkariordea), Joana Arce (Emakume eta Berdintasuneko idazkariordea) eta Alvaro Gotxi (Ikasketa eta Programetako idazkariordea).
Afiliatuen gehiengoaren babesarekin, Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkari ohi, Arabako ahaldun nagusi ohi eta Kongresuko egungo diputatu dena izango da PPren lehendakarigaia, oraindik datarik ez duten baina uztaila baino lehen egin behar diren hauteskundeetan.
Carlos Iturgaiz: "Nire eginkizunak bete izanaren pozarekin noa"
Alderdi Popularrak "krisi sakona" izan ondoren alderdia "batu eta josi" ostean doala esan du gaur Carlos Iturgaizek, azken urteetan eta gaur arte Euskadiko popularren presidente izan denak.
Iturgaizek agur esan die alderdiko afiliatuei, eta bere hitzaldian nabarmendu du Euskadiko PPk azken udal eta foru hauteskundeetan lortutako botoei esker PP alderdi garrantzitsu eta erabakigarri bihurtu dela Euskadin, eta horrek EH Bilduri "gobernatzea galarazi" diola zenbait tokitan, hala nola Gasteizko Udalean eta Gipuzkoako Foru Aldundian.
"Nire eginkizunak bete izanaren pozarekin noa", esan du Euskadiko PPko presidenteak.
Euskadiko popularrekiko "konfiantza, babesa eta hurbiltasuna" eskertu dizkio Feijoori, eta "herri hau sanchismoaren hondamenditik aterako duen Espainiako presidente handia" izango dela gaineratu du.
Halaber, Iturgaitzek babesa eman dio Javier de Andresi etapa berriari ekiteko.
Carlos Iturgaiz, gaur. EFE.
Nuñez Feijoo: "Euskadik ez du merezi kleenex bat bezala tratatzea"
Alberto Nuñez Feijoo PPko presidenteak eman dio amaiera 400 konpromisario baino gehiago bildu dituen batzarrari. Kongresu horretan egon direnen artean, besteak beste, hauek nabarmendu daitezke: Cuca Gamarra PPko idazkari nagusia, Laura Garrido eta Alfonso Alonso, azken urteetan bizitza politikotik aparte egon dena. Konpromisarioei zuzendu zaie, labur-labur, eta Javier de Andres pertsona "leial eta konprometitua" babestu egin du.
Bere hitzaldian, Nuñez Feijook "erratu" izana egotzi dio EAJri, "sanchismoaren beste konpartsa bat" bihurtu delako, eta gaineratu duenez "euskal herritarrek ez diote akats hori barkatuko", Euskadik "ez baitu merezi kleenex bat bezala tratatzea".
Popularren buruak esan duenez, PSOEk "Konstituzioa abandonatu du" eta "herritarren berdintasuna defendatzeari utzi dio". Horren aurrean, PP da PSOEren "alternatiba konstituzionala", horren hitzetan.
Nuñez Feijook Pedro Sanchezek independentismoarekin egindako itunak salatu ditu, eta Kataluniako prozesu independentista dela eta amnistia emateko eta Kataluniaren 15.000 milioi euroko zorra barkatzeko aukerari dagokionez, "zigorgabetasunagatik botoak aldatzea ustelkeria da" eta "herritarren diruarekin Gobernuko Presidentetza erostea ustelkeria da", azpimarratu du.
Feijook babesa erakutsi dio De Andresi. EFE.