Itxi

Herrirak deituta

Iosu Uribetxebarria presoa askatzea eskatu dute Arrasaten

Erredakzioa

Laura Mintegi EH Bilduko lehendakarigaiak Gobernuaren "inmobilismoa" eta "erabaki falta" salatu du, "presoekin lotutako gaiei dagokienez".

Your browser doesn’t support HTML5 video

Mila pertsonatik gora bildu dira Arrasaten, Gipuzkoan, Iosu Uribetxebarria ETAko presoa aske uzteko eskatzeko. Uribetxebarria Donostiako Ospitalean dago asteazkenetik, minbiziak jota, eta bere egoera salatzeko ospitale aurreran beste elkarretaratze batzuk egingo dituztela iragarri du Herrirak elkarteak.

Arrasateko manifestazioan ezker abertzaleko Rufi Etxeberria, Joseba Permach , Pernando Barrena eta Tasio Erkizia izan dira, besteak beste. Uribetxebarria Jose Antonio Lararen bahiketagatik zigortu zuen epaileak.

EH Bilduko zenbait ordezkari ere presoaren sorterrian izan dira; Pello Urizar (EA), Rebeka Ubera (Aralar), Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia eta Elena Franco eta Larraitz Ugarte batzarkideak.

Manifestazioan Uribetxebarriaren, amnistiaren eta ETAko presoak hurbiltzearen aldeko oihuak egin dituzte.

"Gobernuaren immobilismoa"

Laura Mintegi EH Bilduko lehendakarigaiak Gobernuaren "immobilismoa" eta "erabaki falta" salatu du, "presoekin lotutako gaiei dagokienez".

Ondorioz, euskal erakundeei eta Giza Eskubideen Legebiltzarreko Batzordeari "erabakiak hartu eta horrelako egoera baten aurrean zer egiteko prest dauden argitzeko" eskatu die Mintegik.

Elkarretaratze gehiago

Herrira elkartearen asmoa, asteartean 14 orduko elkarretaratzea egitea da (ordubete gaixo dagoen preso bakoitzagatik). Horrez gain, asteazkenean, ostegunean eta ostiralean ere ordubeteko elkarretaratzeak egingo ditu, eta horretarako deia egin diete "eragile sozialei, politikoei, eta sindikatuei".


Albisteak (1)

Bideoak (1)