Itxi

INBESTIDURA

JxCatek eta PSOEk amnistiari buruzko proposamen gehiago trukatu dituzte akordioa ixteko ahaleginean

Agentziak | EITB Media

Leer en Castellano

Bi dokumentu elkarbanatu dituzte amnistiaren legeari buruzko akordioa ixteko, eta JxCatek eskatu du 'proces' auziarekin zuzenean lotuta ez dauden baina "disidenteei edo aurkari politikoei kalte egiteko legeen erabilera estrategikoa" dakarten 'lawfare' kasuak amnistian sartzea.

Joan den urriaren 30eko bilera, Bruselan. Argazkia: Junts per Catalunya

JxCatek eta PSOEk negoziatzen jarraitu dute astelehenean Bruselan, Pedro Sanchezen inbestidura desblokeatzeko akordio baten bila.

Ostiralean harremanak gelditu eta asteburu honetan negoziazioei berriro ekin ondoren, JxCateko buruzagiak Bruselako Prentsa Klubean bildu dira gaur goizean, Sofitel hoteletik 300 metro eskasera. Ostatu horretan zegoen, hain zuzen, PSOEko hirugarrena, Santos Cerdan.

EFE albiste agentziak kontsultatutako negoziazio iturrien arabera, egunean zehar bi dokumentu trukatu dituzte amnistiaren legeari buruzko akordioa ixteko, eta JxCatek eskatu du 'proces' auziarekin zuzenean lotuta ez dauden baina "disidenteei edo aurkari politikoei kalte egiteko legeen erabilera estrategikoa" dakarten 'lawfare' kasuak sartzea amnistia legean, Carles Puigdemont Generalitateko presidente ohiak atzo azaldu zuenez.

Prozesua noiz itxi dezaketen iragartzeari uko egin dioten arren, negoziazioaren iturriek testuaren dentsitateari egotzi diote prozesuaren "geldotasuna", alderdi bateko eta besteko lege-aholkulariek berrikustea eskatzen baitu, eta gaineratu dute negoziazioak "azkarrago" egingo lukeela aurrera gai politikoa soilik balitz.

Ildo horretan, erantsi dute idatziaren alde "teknikoak" orraztea falta dela, arauaren irismena eta konstituzionaltasuna jokoan daudelako.

Santos Cerdan PSOEko Antolakuntza idazkaria Bruselara joan da gaur Puigdemontekin akordioa burutzeko eta, hala, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko jarduneko presidentearen inbestidura ahalbidetzeko. Cerdanekin batera, Juntseko kideak ere joan dira Belgikako hiriburura; izan ere, Puigdemontekin elkartzeko asmoa adierazi dute Sanchezen balizko inbestidura baterako negoziazioak areagotzeko. Bertan dira, besteak beste, Jordi Turull alderdiko idazkari nagusia, Laura Borras Juntseko presidentea eta Carles Puigdemont Generalitateko presidente ohia.

Ingurumari horretan, PSOEko zuzendaritzak uste du "gertuago" dagoela Pedro Sanchezen inbestidura. Ildo horretan, sozialistek euren militanteen gehiengoak akordioak babestu dituela nabarmendu dute.

Sanchez Espainiako Gobernuko presidente izendatzeko PSOEren eta Juntsen arteko akordioa lortzear zirela zirudien ostegunean, baina aurreikuspenak hoztu egin ziren. Ostiralean beste bilera bat egin zuten, Bruselan, Santos Cerdan PSOEko Antolakuntza idazkariak eta Carles Puigdemont Generalitateko presidente ohi eta Junts alderdiko eurodiputatuak, Pedro Sanchezen inbestidura bermatuko zuen akordio bat ixten saiatzeko, baina bilera hori ere akordiorik gabe amaitu zen.

Albisteak (3)