Tsunami Democratic auzia
Epaileak Puigdemont eta Rovira inputatu ditu 'Tsunami auzia'-n, Junts eta PSOE arteko negoziazio betean
EITB MEDIA
2019ko protestetan terrorismo deliturik izan zen ikertzen ari da epailea. Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusia, berriz, lekuko gisa deitu dute, urte horretan Rovirarekin Genevan egindako bilera baten inguruko argibideak eman ditzan.
Pedro Sanchezen inbestidurarako Junts eta PSOE negoziazio betean daudenean, Manuel Garcia Castellon Auzitegi Nazionaleko epaileak Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohia eta Marta Rovira ERCko idazkari nagusia inputatu ditu Tsunami Democratic mugimenduaren kontrako ikerketaren harira. Mugimendu horrek deituta, 2019an izandako protestetan terrorismo deliturik izan ote zen ikertzen ari da epailea. Kataluniako independentzia prozesuan ('proces') parte hartu zuten beste hamar pertsona ere inputatu dituzte.
Rovira eta beste hainbat auzipetu ikertu gisa deitu ditu epaileak, eta Puigdemonti epaitegira bere kasa joateko aukera eman dio: izan ere, eurodiputatua denez, hura deitzeko aginduak erreguzkoa beharko luke. Egoera berdinean dago Ruben Watesberg ERCko diputatua eta Kataluniako Parlamentuko laugarren idazkaria (forupekoa da).
Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusia, berriz, lekuko gisa deitu dute, Rovirarekin 2019an Genevan egindako bilera baten inguruko argibideak eman ditzan. Autoan, Garcia Castellonek dio "deigarria" dela Otegiren presentzia Tsunami Democratic mugimenduaren "antolakuntzaren sorreran".
Auzia ikertzen ari den epaileak uste du Tsunami Democratic "Estatua politikoki eta ekonomikoki desegonkortzeko", "ordena konstituzionala asaldatzeko" eta "mobilizazio sozial masiboen bidez ordena publikoa modu larrian aztoratzeko" helburuarekin eratu zela. 'Proces'-aren sententziari aurre egiteko, 2019an sortutako "erakunde hierarkizatu eta egituratu" gisa definitu du erakunde hori Garcia Castellonek.
Esquerra Republicanaren iritzia berehala iritsi da, eta X sare sozialean argitaratutako mezu batean adierazi du "Estatuko botere erreakzionarioek amnistiari emandako erantzuna dela":
¿¿ És la reacció dels poders reaccionaris de l'Estat contra l'#amnistia. Un moviment aberrant que no ens sorprèn.
— Esquerra Republicana (@Esquerra_ERC) November 6, 2023
A cada atac, més ferms en els avenços socials, i en la lluita antirepressiva i la #independència¿
Tot el suport @martarovira, @KRLS i la resta d'encausats! https://t.co/upKXSrg7kg
Otegik ere hitz egin du gaiaren inguruan. Horren arabera, Estatu espainiarraren sektore batek ez du nahi "gauzek aurrera egitea":
Fiskaltzak autoaren aurkako helegitea aurkeztuko du, Bartzelonan desordena publiko gisa epai dezaten
Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak jakinarazi du Manuel Garcia Castellon epailearen autoaren aurkako helegitea aurkeztuko duela, Tsunami Democratic mugimenduaren jarduerak terrorismo delituarekin bat ez datozelako ustean oinarrituta. Gainera, Zigor Kodearen erreformaren ondorioz sedizio delitua desagertu denez, auzia desordena publikoengatik epaitu behar dela ondorioztatu du, eta, hartara, Bartzelonako epaitegietan.
Izan ere, kontsultatutako iturriek gaineratu dutenez, epaileak autoa eman aurretik, Auzitegiko Fiskaltza txosten bat prestatzen ari zen auzia Bartzelonan epaitu zezaten desordena publikoengatik, prozeduran agertzen diren polizia-informazioetan oinarrituta.