INBESTIDURA
PSOEren eta Juntsen arteko negoziazioek aurrera jarraitzen dute, azaroaren 27ko epemugarekin
EITB MEDIA
Azaroaren 27rako presidente berririk egongo ez balitz, Gorteak desegin eta hauteskundeak deitu beharko lirateke. Bi aldeek adierazi dute "lanean" dabiltzala "amnistiari buruzko lehen legea" ixteko.
PSOEren eta Juntsen arteko negoziazioek aurrera jarraitzen dute astearte honetan Bruselan, Pedro Sanchezen inbestidura desblokeatzeko akordio baten bila, hori bai, "epemuga bakarrarekin": azaroaren 27a. Egun horretarako presidente berririk ez badago, Gorteak desegin eta hauteskundeak deituko dira.
Bi aldeek negoziatzen jarraitzen dute Bruselan, amnistia legeak bildu beharko lituzkeen gaien inguruan adostasun batera iristeko helburuarekin. Joan den astean harremanak hoztu ostean, astelehen honetan berriz ere ekin diote Belgikako hiriburuan negoziazioari.
Negoziazio iturriek baieztatu zutenez, amnistiari buruzko bi dokumentu trukatu zituzten atzo, baina ez zen akordiorik izan, eta itxura guztien arabera gaur ere ez dira adostusun batera iritsiko. Testuinguru horretan ia ezinezkoa da Pedro Sanchez aste honetan izendatzea Espainiako Gobernuko presidente.
Hala ere, biek ala biek ziurtatu dute "lanean" jarraitzen dutela "lege garrantzitsu bat, demokraziaren amnistiari buruzko lehen legea", ixteko, eta epemuga bakarra dutela: azaroaren 27a. Ordurako presidente bat egotea nahitaezkoa da; horrela ez balitz, hauteskundeak deitu beharko lirateke.
Bien bitartean, Madrilgo kaleetan amnistia legearen aurkako protestak ugaritzen ari dira. Bart 3.800 pertsona inguru bildu dira, hirugarren egunez jarraian, PSOEk Madrilgo Ferraz kalean duen egoitzaren atarian, Kataluniako independentistekin egindako itunen eta etorkizuneko amnistia legearen aurka protesta egiteko. Gutxienez hiru pertsona atxilotu ditu Poliziak.
Tentsio giro honetan, igandeaz geroztik Bruselan negoziaketetan dabilen Santos Cerdan Antolakuntza idazkariak ohar bat bidali die egoitzetako jerente eta idazkariei, lan-bilera, hitzaldi eta antzekoak bertan behera utz ditzatela eskatuz, eta langileei arratsaldeko lehen orduan lan-jarduera amai dezatela gomendatuz. Berriro ere sozialisten egoitzen aurrean eskuinak protesta egin dezakeelaren beldur dira.
PPk, bere aldetik, atzo Madrilgo kaleetan gertatutakoa "erreakzio osasuntsua" izan zela uste du, "Poliziaren jardunak lausotutako adierazpen herrikoia".
Felix Bolaños jarduneko Presidentetza ministro eta Sanchezen inbestidurarako PSOEren negoziazio batzordeko kideak mobilizazio "ultra" horiek gaitzetsi ditu.
"Indarkeriaz, haserrez eta gorrotoz betetako manifestazio ultraeskuindarrak dira. Esan behar zaie Espainiak orainaldi handia duela eta etorkizun hobea izango duela", adierazi du jarduneko ministroak.
Bere ustez, "kezkagarria da ultraeskuinak horrelako manifestazio ultra eta bortitzak deitzea", astelehenean Ferrazen egin zena bezalakoa, non hiru pertsona atxilotu zituzten, baina "ia kezkagarriagoa da PPk eta behin-behineko bere buruzagiak justifikatzen dituztenean".