Protestak Ferrazen
Amnistiaren eta Sanchezen aurkako mobilizazioak istiluekin amaitu dira bigarren gauez jarraian
Agentziak | EITB Media
39 pertsona zauritu dira, tartean 30 polizia, eta sei lagun atxilotu dituzte. Kargak 22:00ak aldera hasi dira, aurreko minutuetan tentsioa handitu baita manifestariek agenteei petardoak eta beste objektu batzuk jaurti ondoren; segurtasun-hesiak botatzen saiatu dira.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Poliziak amnistia legearen aurka protesta egiten ari zen manifestari talde baten aurka kargatu du bart, Madrilgo Ferraz kaleko PSOEren egoitzaren inguruan. 39 pertsona zauritu dira, horietako 30 poliziak, eta sei lagun atxilotu dituzte desordena publikoak egotzita, denak ere jatorri espainiarrekoak. Bost gizonezko eta emakumezko bat dira, 19 eta 44 urte bitartekoak guztiak, adingabe bat salbu.
Kargak 22:00ak aldera hasi dira, aurreko minutuetan tentsioa handitu baita manifestariek agenteei petardoak eta beste objektu batzuk jaurti dizkietelako, eta segurtasun-hesiak botatzen ere saiatu dira.
Agenteek manifestariak sakabanatu dituzte mendebalderantz, Rosales pintorearen pasealekurantz, eta horiek petardoak, bengalak eta bestelako objektuak jaurtitzen jarraitu dute, hiri-altzariak txikitzeaz gain.
Istiluen ondorioz, gutxienez 39 pertsona artatu dituzte osasun langileek; zaurituetako 30 poliziak dira.
Espainiako milaka eskuindar eta ultraeskuindar Ferraz kaleko sozialisten egoitzaren inguruan bildu dira bigarren gauez, Pedro Sanchezen inbestidura errazteko PSOE eta Junts alderdiak negoziatzen ari diren amnistia legearen aurka protesta egiteko. Hazte Oir, Desokupa eta Bastion Frontal talde ultraeskuindarrek elkarretaratzea babestu dute.
Espainiako Poliziak dispositibo zabala jarri du Ferrazen inguruan (160 polizia baino gehiago); hala, manifestariak Inmaculada Corazon elizaren inguruan elkartu dira, sozialisten egoitzatik 100 metro eskasera, eta hesi batek kalera sartzea eragotzi die.
Bertan bildutakoek "Ez gaituzte engainatzen, Katalunia Espainia da", "Puigdemont espetxera", "Espainia batuta sekula ez dute garaituko" eta "Sanchez hil zaitez, Polizia batu zaitez" leloak oihukatu dituzte, besteak beste, hori guztia "Espainiak ez ditu traidoreak ordaintzen, amnistia ez" zioen pankarta baten atzean.
Manifestarien artean, adinekoen talde batek Diputatuen Kongresua "Podemosek bezala" inguratu behar duela esan dute. Beste batzuek, berriz, manifestazioak egunero egiteko eskatu diete "egiteko ezer ez duten jubilatuei".
Horrela, PSOEren eta Kataluniako independentisten itunen aurkako protesta Madrilgo Kale Nagusira eta Diputatuen Kongresura eraman du manifestari talde batek.
Manifestari batzuek 19:00etan hasi dute elkarretaratzea Mendebaldeko Parkean, eta Ferrazera joan dira. 20:00ak baino pixka bat lehenago, Diputatuen Kongresura abiatu dira Kale Nagusitik, polizia-hesi handi batek inguratuta. Ondoren, Neptunon elkartu dira, Poliziak Kongresuaren ingurua hartu ondoren.
Pepa Millan Vox alderdi ultraeskuindarrak Kongresuan duen bozeramaileak esan du bere alderdiak espainiarrek modu baketsuan protesta egin ahal izateko eskubidea defendatzen duela, eta adierazi du ez dituztela indarkeria eta istiluak "babesten".
Voxek Francisco Martin Espainiako Gobernuak Madrilen duen ordezkariaren eta Fernando Grande Marlaska Barne ministroaren aurkako salaketa aurkeztuko duela iragarri du, astelehenean Ferrazen bildu ziren manifestarien aurkako istiluen harira, Gobernuak espainiarrei aurre egiteko "tranpa" jarri dielako. "Pedro Sanchezen Gobernua egiten ari dena demokraziaren aurkako erasoa da, eta espainiarrak egiten ari direna une honetan gure demokraziaren, gure batasunaren eta ordena konstituzionalaren aurka jasaten ari garen eraso larrien aurka protesta egiteko eskubidea baliatzea da", azpimarratu du Millanek.
Erreakzioak
Istiluak bukatuta iritsi dira erreakzio politikoak, X sare sozialean. Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko jarduneko presidenteak eta PSOEren idazkari nagusiak gogor kritikatu ditu sozialisten egoitzen aurkako "jazarpena" bultzatu edo onartzen dutenak. Horren aurrean defendatu duenez, "aurrerapen sozialak eta elkarbizitzak merezi dute", eta azpimarratu du protestek ez dutela PSOE "hautsiko".
No esperamos nada de quienes por acción u omisión apoyan el asedio a las casas del pueblo socialistas. Su silencio les retrata.
— Pedro Sánchez (@sanchezcastejon) November 7, 2023
El avance social y la convivencia merecen la pena.
No quebrarán al @PSOE.
Alberto Nuñez Feijoo PPren buruak, bestalde, Sanchezi egotzi dio herritarren artean nagusi den "ezinegon soziala", baina erantsi du protestek "errespetua eta eredugarritasuna" izan behar dutela lege.
El malestar social es responsabilidad de @sanchezcastejon, pero las protestas deben partir del respeto y ejemplaridad que faltó siempre al @PSOE y sus socios.
— Alberto Núñez Feijóo (@NunezFeijoo) November 7, 2023
No somos como ellos. Ni como la minoría que actúa igual.
Nos vemos el domingo 12 a las 12 en las plazas de toda España.