2024rako aurrekontuak
Eusko Jaurlaritzak euskara ikasteko doakotasun-programak areagotuko ditu
EITB Media
Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak Sailak 2024rako duen aurrekontu proiektua aurkeztu du gaur: 369,4 milioi euro.
Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 369,4 milioi euroko aurrekontua izango du datorren urtean. Horren bidez, besteak beste, euskarazko ikus-entzunezkoen ekoizpena bultzatuko da kulturaren eremuan, eta euskara ikasi eta hobetzeko doakotasun-programak areagotuko dira.
Gaur, bi ordu baino gehiagoko agerraldian, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak Eusko Legebiltzarreko Ekonomia eta Ogasun Batzordearen aurrean Sailaren 2024rako aurrekontu-proiektua aurkeztu du, 369,4 milioi eurokoa.
Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren aurrekontua 3,6 milioi euro handituko da datorren urtean, eta 77.194.169 eurokoa izango da guztira. Eusko Legebiltzarrean egindako agerraldian, Zupiriak esan du 2024a "urte garrantzitsua" izango dela "hizkuntza politikaren esparruan".
Datozen hilabeteetan Euskara Sustatzeko Ekintza Plan (AROA) berria onartuko dutela iragarri du Zupiriak. Gainera, gogorarazi du aurreikusita dagoela Euskadiko sektore publikoan euskara normalizatzeko dekretu berria onartzea, datozen hamar urteetarako hizkuntza politikaren norabidea zehazteko asmoa duena.
Hizkuntza Politikarako aurrekontuaren erdia baino gehiago, 51.676.000 euro guztira, HABErentzat izango da. Zupiriak azaldu duenez, Jaurlaritzak euskara ikasteko doakotasuna indartzen jarraituko du, "legealdiko konpromiso handienetako bati erantzuteko".
2024-2025 ikasturtean dirulaguntzen deialdi berri bat jarriko da abian, A1 mailako komunikazio-gaitasuna lortzeko. Era berean, ikastaro horien matrikula ia doakoa izan dadin, 1.600.000 euro erabiltzea aurreikusi dute.
Sailak indartu egin ditu ikus-entzunezkoen alorreko garapen- eta ekoizpen-deialdiak: 5,7 milioi euro bideratuko ditu guztira horretarako. EITBren aurrekontuan, aldi berean, euskarazko ikus-entzunezko ekoizpenen aldeko apustua bultzatuko da, eta, 2024an, bi milioi euro gehigarri finkatuko dira euskarazko telesailak ekoizteko. Halaber, 5,1 milioi euro bideratuko dira 'Primeran' plataforma garatzen jarraitzeko.
Gainera, Durangoko Azokak jasotzen duen ekarpena 175.000 euro handituko da. Literatura arloan, euskal egileei zuzendutako beka berri bat sortuko da. Beka horrek Xabier Lete izena izango du, eta urterokoa izango da, BBVA Fundazioarekin elkarlanean. Guztira, 70.000 euro izango dira, eta literaturagile bati bere sorkuntza lanean bete-betean aritzeko aukera emateko erabiliko da.