Itxi

INBESTIDURA

PSOEk eta Juntsek inbestidurarako akordioa itxi dute

Agentziak | EITB Media

Leer en Castellano

Negoziazioko iturriek jakinarazi dutenez, gaur bertan emango dute itunaren berri. PSOEk agerraldia egingo du 12:00etan, Bruselan.

Sanchez, Kongresuan, artxiboko irudi batean. EFE

Hainbat egunez negoziatzen aritu ondoren, amnistia legearen edukiari buruzko akordioa itxi dute PSOEk eta Juntsek, eta Pedro Sanchezen inbestidura bideratuta gelditu da. Negoziazioaren gertuko iturriek jakinarazi dutenez, gaur bertan emango dute itunaren berri.

PSOEk agerraldia egingo du 12:00etan, Bruselan. Carles Puigdemont Generalitateko presidente ohiak ere agerraldia egingo du gaur, akordioaren inguruko xehetasunak emateko.

PSOEko Antolamendu idazkari eta sozialisten aldetik negoziazioen buru izan den Santos Cerdan Bruselan da. Halaber, Juntseko zuzendaritzako hainbat kide ere Belgikako hiriburura joanak dira, tartean, Jordi Turull, Albert Batet, Josep Rius, David Saldoni eta David Torrents.

Joan den astean harremanak hoztu ostean, pasa den astelehenean berriz ere ekin zioten Bruselan negoziazioari. Bi aldeek negoziatzen jarraitu dute Belgikako hiriburuan, amnistia legeak bildu beharko lituzkeen gaien inguruan adostasuna lortzeko. 

Amnistia legearen inguruko negoziazioak luzatu egin dira, lege testuak hutsune juridikorik izan ez dezan eta Auzitegi Konstituzionalak hura zapuzteko zirrikiturik ez izateko. Itxura guztien arabera, amnistia legeak Juntsek aldarrikatu izan duen lawfarea, Kataluniako prozesuaren judizializazioari lotutako zenbait auzi, ere bere baitan hartuko ditu.

Datozen egunetan erregistratu beharko dute amnistia legea Espainiako Diputatuen Kongresuan, eta ondoren etorriko da inbestidura.

Juntsekin akordioa lortuta, EAJrekin adostasun batera iristea falta du PSOEk Pedro Sanchezen inbestidura ziurtatzeko. Itxura guztien arabera, datorren astean izango da.