Itxi

INBESTIDURA

Puigdemont: "Aro berri batean sartu gara"

AGENTZIAK | EITB Media

Leer en Castellano

Kataluniako Generalitateko presidentearen arabera, PSOErekin lortutako akordioaren inguruan egiten diren aurrerapenek baldintzatuko dute legealdiaren "egonkortasuna".

Your browser doesn’t support HTML5 video

Carles Puigdemont Generalitateko presidente ohi eta Juntseko eurodiputatuak ostegun honetan adierazi duenez, PSOEk eta Juntsek gaur sinatutako akordioaren ondotik "aro berri bat" ireki da, "esploratzen eta baliatzen jakin beharko dena". Amnistia legearen edukiari buruzko akordioaren ondotik, Pedro Sanchezen inbestidura bideratuta gelditu da.

ZURE INTERESEKOA IZAN DAITEKE: PSOEren eta Juntsen arteko akordioaren gakoak

Alabaina, datorren legegintzaldiko egonkortasuna PSOErekin egindako itunaren gainean egitean diren aurrerapausoek eta adostutakoa betetzeak baldintzatuko dutela jakinarazi du. Puigdemontek ohartarazi du aurreko legegintzaldian ez bezala, Espainiako Gobernuak "egunez egun" lortu beharko duela egonkortasuna.

Bere hitzaldian, argi utzi nahi izan du, Estatuko Aurrekontu Orokorrei eta beste proiektu batzuei babesa emateko, aurrerapausoak eman beharko direla, "emaitzak izango dituen eta legegintzaldian zehar beteko den negoziazio iraunkor baten bidez".

PSOEk eta Junts alderdiak sinatutako akordioak, gainera, elkarrizketa eta negoziazio prozesua gainbegiratzeko "egiaztatze mekanismo" bat jasotzen du. Puigdemonten iritziz, mekanismo horrek Espainiako Estatutik kanpo egin behar du lan, bitartekari baten laguntzarekin, eta azaroaren amaieran egingo du lehen bilera.

Era berean, bi aldeen artean ezadostasun handiak eta mesfidantza daudela aitortu du. "Oso urrutitik gatoz, eta oso urrun gaude oraindik", adierazi du. Hain zuzen ere, argitu du hartu nahi izan diren babes neurriek luzatu dutela negoziazioa.

Puigdemonten hitzetan, akordio hau "zailtasunez beteta egongo den bide zalantzagarri baten" hasiera da. Hala ere, Kataluniako krisi politikoa, orain arte egin denarekin alderatuta, "modu ezberdinean konpontzea" eskatu du.

Independentziari buruzko erreferendum berri baten harira, JXCateko buruak esan du akordioak Kataluniako Parlamentuaren borondatea soilik hartzen duela muga gisa. "Ez dugu beste mugarik ezarri; Kataluniako herriaren borondatea, legitimoki ordezkatzen duen erakundearen bidez adierazia".

Puigdemontek agerraldia egin du gaur arratsaldean Brussels Europe Press Klubean, Bruselako Europar Auzoan, 2017ko urrian Belgikara iritsi eta lehen aldiz publikoki agertu zen leku berean. Kataluniako eta EBko banderak alboan zituela, Puigdemontekin batera Junts alderdiko buruzagitza ere izan da, Jordi Turull alderdiko idazkari nagusia barne.

Bideoak (1)