Itxi

ELKARRIZKETA RADIO EUSKADIN

Memoria gazteei helarazteko beharra nabarmendu du Aintzane Ezenarrok: "Gure belaunaldiaren betebeharra da"

O. A. | EITB Media

Leer en Castellano

Gogora Institutuko zuzendariaren arabera, hurrengo belaunaldiek ezingo dute gertatutakoari buruzko analisi kritikorik egin, transmisiorik ez badago.

Aintzane Ezenarro Gogora Institutuko zuzendaria, Radio Euskadin

Memoriaren Egunarekin bat eginez, Aintzane Ezenarro Eusko Jaurlaritzako Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren zuzendariak nabarmendu du beharrezkoa dela hurrengo belaunaldiei EAEn izandako "gertaera traumatikoen eta horien ondorioen" memoria transmititzea. Horren esanetan, gazteek informazioa eskatzen dute eta "gure belaunaldiaren betebeharra da" informatzea.

Testuinguru horretan, memoria transmititzea gizarte osoaren egitekoa dela defendatu du, baina erakundeek "berezko" zeregina dutela. Gaineratu duenez, horregatik sortu zen Gogora Institutua, memoriaren inguruko politika publikoak egiteko.

Ezenarroren ustez, gertatutakoari buruzko informazioa helarazten ez bada, datozen belaunaldiek ezingo dute azterketa kritikorik egin.

"Sufrimendu handia jasan dugu, indarkeria ez da inoiz bidea eta gatazka berriak sortzen ditu", nabarmendu du. Halaber, gogoratu du oraindik ere "indarkeriaren epika" errepikatzen dela, nahiz eta "gero eta gutxiago izan".

Indarkeriaren gaia hezkuntza zentroetan lantzeko Herenegun eta Adi-Adian programak ere aipatu ditu. Azaldu duenez, azken bi urteetako esperientzia pilotuak "emaitza onak" eman ditu, eta helburua da "pixkanaka-pixkanaka" ikastetxe guztiei memoriaren gaiari heltzeko materiala eskaintzea.