Itxi

INBESTIDURA

Epaileen eta fiskalen oharra PSOE-Junts itunaren aurrean: "Demokrazia hausteko arrisku argia dago"

agentziak | eitb media

Leer en Castellano

PSOEk erantzun du Juntsekin egindako akordioak ez duela bilatzen epaileak "fiskalizatzea" eta euren ebazpenak berrikustea.

PSOE-Junts itunaren aurkako protestak. Argazkia: EITB

Epaile eta fiskalen elkarte batzuek "kezka handia" agertu dute PSOEk eta Juntsek Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidente izendatzeko akordioaren aurrean, "demokrazia hausteko arrisku argia" dagoela iritzita.

Francisco de Vitoria Elkarte Judizialetik, Sergio Oliva batzorde nazionaleko kideak esan du "akordioaren zati batek asko kezkatzen" duela.

"Itunaren arabera, Diputatuen Kongresuan ikerketa batzordeak sortuko dira epaileek eta segurtasun indarrek alderdi independentisten aurrean manipulazioa erabili ote duten zehazteko", adierazi du.

Olivak azpimarratu duenez, "epaileek Espainian azken urteotan egin duten bakarra legea zorrotz betetzea izan da". "Hori da bekatua", gaineratu du Europa Press albiste-agentziak zabaldutako adierazpenetan.

Hala, botereen banaketa eta independentzia judiziala errespetatzea eskatu du, une "oso kritikoan" daudelako, "demokrazia hausteko arrisku argiarekin".

Horren harira, Salvador Viada Fiskalen Elkarte Profesional eta Independentearen ordezkariak uste du akordioa "oso larria" dela, eta "eredu konstituzionalaren aldaketa" eragingo duela, independentisten helburuak negoziazio bidez lortzeko aukera aitortzen delako bitartekari baten parte-hartzea ere onartuta.

Viadaren esanetan, adostutakoa "kolpea" da "Espainiako sistema konstituzionalarentzat", eta amnistia legea "PSOEk eta Juntsek nahi duten erregimen politikoaren aldaketaren ondorio logikoa da".

PSOEren erantzuna

PSOEk erantzun du Juntsekin egindako akordioak ez duela bilatzen epaileak "fiskalizatzea" eta euren ebazpenak berrikustea.

Azaldu duenez, "datorren legegintzaldian osatuko diren ikerketa batzordeen ondorioak" aipatzen dituztenean, Kongresuko mahaia izendatzeko Juntsekin eta ERCrekin itundutako batzordeez ari da.

Iturri sozialistek zehaztu dute batzorde horiek Katalunia Operazioari buruz 2023ko martxoaren 28an sortu zen ikerketa batzordea berpiztea eta Pegasusi buruzko beste bat sortzea ekarriko dutela.

"Ondorioz, Parlamentuak ez du inola ere ebazpen edo erabaki judizialik berrikusiko. Parlamentuak ez ditu epaileak fiskalizatuko. Hori ez da adostutakoa, eta ezin zen halakorik adostu", berretsi dute.

Albisteak (5)