INBESTIDURA
EAJk akordioa lortu du PSOErekin, Sanchezen inbestidurara begira
EITB Media
"Autogobernuaren arloko aurrerapenak", lan esparruko neurriak eta euskara babesteko ekimenak dira akordioaren oinarri. EAJ Sanchezen alde bozkatuko du inbestidura saioan.
EAJk akordioa itxi du PSOErekin, Pedro Sanchez hautagai sozialistaren inbestidura babesteko. Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidenteak eta Sanchezek ostiral honetan sinatu dute ituna, Madrilgo Diputatuen Kongresuan. Itun horrek "aurrerapauso handiak" ekarriko ditu "oraingo eta etorkizuneko" euskal autogobernuan eta transferitu gabe dauden transferentziak eskualdatuko ditu.
Azken orduotan EAJk eta PSOEk itxitako akordioak jasotzen dituen beste gai batzuk euskara bultzatzea eta jeltzaleentzat funtsezko den "lan-harremanen euskal esparruan" aurrera egitea dira.
EAJk mesfidantza zuen aurreko agintaldiaren hasieran Espainiako Gobernuarekin lortutako akordioak ez direlako bete. Horregatik, legegintzaldi honetan "transferentzietan, egungo eta etorkizuneko autogobernuan, lan-harremanen euskal esparruan eta euskararen sustapenean aurrerapauso handiak" izango direla bermatu ostean erabaki du Sachezen inbestidura babestea.
Pedro Sanchez PSOEko buruak bere inbestiduraren aldeko 179 boto bermatu ditu, sozialistek ostiral honetan EAJrekin eta Coalicion Canariarekin itxi dituzten akordioei esker. Babes horrek ziurtatzen dio lehen bozketan inbestitzeko 176 botoak gaindituko dituela eta, beraz, ez dela bigarren bozketarik egin beharko. Iragarpenen arabera, azaroaren 15ean eta 16an egingo da inbestidura eztabaida, Kongresuan.
PSOEk ziurtatuta ditu aldeko 179 boto: PSOE (121), Sumar (31), ERC (7), Junts (7), EH Bildu (6), EAJ (5), BNG (1) eta CC (1). Eskuineko blokeak 171 boto lortuko lituzke, PP (137), Vox (33) eta UPN (1) batuta.
Asteak, negoziatzen
Sozialisten eta jeltzaleen arteko akordioa izan da, azkenean, Sanchezen inbestidura ziurtatu duena. Baina horren aurretik ere erdietsi ditu akordioak PSOEk beste hainbat alderdirekin.
Atzo bertan sinatu zuten akordioa Santos Cerda PSOEko hirugarrenak eta Carles Puigdemont Junts alderdiko buruak, eta Oriol Junqueras ERCko buruak eta Felix Bolaños PSOEko negoziatzaileak duela astebete sinatu zuten ituna.
Junts alderdiarekin adostutako akordioak barne hartzen ditu erreferendum bat egitea, 2012 eta 2023 urteen artean gai politikoengatik zigortutakoentzako amnistia, baita negoziazioari laguntzeko eta hori egiaztatzeko mekanismoak bermatzea, eta finantza-autonomiaren inguruko neurriak ere.
ERCrekin egindako inbestidura-akordioak honako hauek jasotzen ditu, besteak beste: amnistia legea, negoziazio-mahaiaren jarraipena, Rodalies trenen (aldirietako) eskualdatze integrala eta Likidezia Funts Autonomikoaren (FLA) zati bat barkatzea (15.000 milioi euro).
Azken asteetan, inbestidurarako beste akordio nagusietako bat PSOEk eta Sumarrek sinatutakoa izan da, koalizio-gobernua osatzeko akordioa hain zuzen ere, besteak beste, lanaldiaren murrizketa, etxebizitzaren parke publikoa handitzea edo "bidezko erreforma fiskala" egitea jasotzen duena, baita "Mozal Legea" indargabetzea ere.
Hautagai sozialistak urriaren erdialdean egindako bilera-sortan baieztatu zuen EH Bilduk Sanchezen inbestidura babestuko zuela, "ultraeskuina geldiaraztea agindu demokratikoa" dela argudiatuta eta horrekin "erabateko erantzukizuna eta determinazioa" duelako.