Elkarrizketa Radio Euskadin
Amnistia legearen aurka zenbait epailek egindako presioa "lekuz kanpo" dago, Lander Martinezen ustez
Eider Garaikoetxea O. | EITB Media
Sumarren diputatua "kezkatuta" agertu da legearen kontrako protestetan "bestearekiko gorrotoa" atzeman daitekeelako. Nabarmendu duenez, denek dute iritzia emateko eskubidea, baina "garrantzitsua da herriaren borondatea errespetatzea".
Lander Martinez Sumarren diputatuak balekotzat jo du amnistia legea kritikatzea eta norberak bere iritzi politikoa adieraztea, baina uste du ez dela onargarria "neurrigabeko presioa egitea, batzuetan legitimoa ez dena". Horren ildoan, esan du "arlo juridikotik" egindako presioa "lekuz kanpo" egon dela batzuetan.
PSOEk amnistia legearen testua Kongresuan aurkeztu eta biharamunean, Radio Euskadiko "Boulevard" saioan izan da Martinez. Elkarrizketan luze eta zabal mintzatu da lege proposamenari eta eskuinaren erreakzioari buruz. Bizkaiko diputatuaren ustez, "kezkagarriak" dira kalean izaten ari diren protestak, eta "gorrotoa" dariela erantsi du: "Bestearekiko gorrotoa, aniztasunaren edo eurek bezala pentsatzen ez duten horien kontrako gorrotoa". Nabarmendu duenez, "ondo dago amnistia legea kritikatzea, baina garrantzitsua da herriaren borondatea errespetatzea". Izan ere, horren esanetan, "gobernua osatzeko ahalmena izan duen gehiengoa baztertzen ari dira".
Sumarrek lege proposamena sinatu ez duela eta, azaldu du, beste talde batzuek izenpetuko ez zutela ikusita, "agerian" geratu zela Yolanda Diazen alderdiak ere ez zuela egin behar. Esan du eurek "beti" defendatu dutela amnistia eta Kataluniako gatazka epaitegietatik kanpo uzteko "erreminta politikoak".
Azkenik, EAEko politikagintza hizpide hartuta eta Miren Gorrotxategik lehendakari izateko hautagaitza aurkezteko asmoa iragarri berritan, Martinezek ez du "izenen inguruan" hitz egin nahi izan. Azaldu duenez, aurrena "proiektu politikoa" zehaztu behar da, eta, horretarako, "EAEko hauteskundeetara nola aurkeztuko garen eta, Estatuan egin den bezala, Euskadiko espazio politikoa nola berrantolatzen den negoziatu behar da".
Prozesu horretan Sumarrek "paper garrantzitsua" izan behar duela uste du Martinezek, "Estatuan duen trakziorako ahalmenari jarraiki", baina aitortu du "Euskadiko indar politikoak eta horien banaketa" ere kontuan hartu behar dela. "Hautagaitza aurrerakoi eta bateratu bat sortzeko elkarrizketa arrazoizko bat izan behar dugu, denak asebeteko gaituena", azaldu du.