Itxi

Espainiako Gobernua

Pedro Sanchezek ostiral honetan bertan hartuko du Espainiako Gobernuko presidente kargua

EITB Media

Leer en Castellano

PSOEko buruak Felipe VI.a Espainiako erregearen aurrean egingo du karguaren zina, Zarzuela Jauregian, 10:00etan. Behin karguan, kabinete berria osatuko duten pertsonen izenak ezagutaraziko ditu.

Pedro Sanchez, bere karguaren zina egiten Konstituzioaren eta erregearen aurrean, 2018an. EFE

Pedro Sanchez berriro izango da Espainiako Gobernuko presidente, ostegun honetan, inbestidura saioaren bigarren jardunaldian, gehiengo osoa lortu ostean. Hala, ostiral honetan hartuko du kargua, hirugarren aldiz jarraian, Felipe VI.a erregearen aurrean, Zarzuela Jauregian, 10:00etan.  BOE Estatuko Aldizkari Ofizialak gaur argitaratu du Pedro Sanchezen presidente izendapena. 

Sanchezek Audientzia Aretoan hartuko du agintea, eta Konstituzioari men egingo dio, PSOEren eta Sumarren arteko koalizio-gobernuaren buru izateko. Horretarako, Konstituzioaren ale baten aurrean egingo du promes, sinbolo erlijiosorik gabe, aurreko bi aldietan, 2018ko ekainean eta 2020ko urtarrilean, egin zuen bezala.

Behin Presidentetza eskuratuta, PSOEko burua kabinete berria osatuko dutenen berri ematen hasiko da. Sozialistek ziurtzat jo dute Gobernu berriak ministerio gutxiago izango dituela, eta espero dute asteburuan ezagutzea ministroen izenak.

Aurreikuspen horiek betetzen badira, PSOEren eta Sumarren koalizio gobernuko kideek datorren astearen hasieran egin lezakete karguaren zina erregearen aurrean, eta, jarraian, karguaz jabetu. Asteartean, izapide guztiak amaituta, Moncloa Jauregira joango lirateke, lehen Ministro Kontseilua egiteko.

Hirugarrenez presidente, bost urtean

Sanchez presidente aukeratzen duten hirugarren aldia da bost urtean. Lehenengo aldian, Mariano Rajoy presidente ohiaren aurkako zentsura mozio baten ondotik heldu zen Presidentetzara. Urtebete geroago, 2019an, hauteskundeak irabazi zituen, eta, Unidas Podemosen botoak batuta, koalizio-gobernua osatu zuen haiekin.

Dena den, 2016ko inbestiduran izan zen estreinakoz hautagai. Orduan, Ciudadanosekoekin batuta zeuzkan 131 diputatuen botoak baino ez zituen jaso alde.

Iragarpenak "hautsita", Sanchezek PSOEren hauteskunde primarioak irabazi zituen hurrengo urtean, eta idazkaritza nagusia eta oposizioaren buruzagitza berreskuratu. Handik, Moncloara egin zuen jauzi, zentsura mozioaren burua izan baitzen.

Lehen etapa hori urtebete ingurukoa izan zen. 2019ko apirilean, Sanchezek hauteskundeak deitu zituen, babes falta zela eta Estatuko aurrekontuak aurrera ateratzeko zituen arazoen jakitun.

Sanchezen PSOE alderdia izan zen bozkatuena orduan, eta inbestidurara aurkeztu zen berriro, baina ez zuen behar beste boto lortu, Pablo Iglesiasen zuzendaritzapean zegoela Podemos alderdiarekin egindako itun saiakerak porrot egin ostean. PSOEko 123 diputatuen aldeko boza soilik jaso zuen, eta Kantabriako Alderdi Erregionalistako ordezkari bakarrarena.

Egoerak hala eskatuta, hauteskundeak deitu zituzten berriro ere 2019ko azarorako. PSOEk eta Podemosek eserlekuak galdu zituzten orduan, baina koalizio ituna itxi. Azkenik, Pedro Sanchez presidente izendatu zuten, ERCren eta EH Bilduren abstentzioei esker.

Albisteak (1)