Itxi

Elkarrizketa Radio Euskadin

Aurrekontuak onartuko direlakoan dago Esteban, eta kontuok EAJrekin egindako akordio batzuk jasotzea eskatu du

Eider Garaikoetxea O. | EITB Media

Leer en Castellano

EAEko PPk jomugan dituela kritikatu du EAJk Kongresuan duen bozeramaileak. Espainiako Alderdi Popularraren jarrerari buruz, esan du "kezkagarria" dela PSOEren diputatuen kontrako erasoak "irmoki ez gaitzestea" eta Abascalek "estatu kolperako egindako deiari" entzungor egitea.

Esteban, elkarrizketaren une batean. Argazkia: EITB Media

Pedro Sanchez Espainiako presidente hautatu dutela, Espainiako Gobernu berriaren hurrengo mugarria, Estatuko Aurrekontu Orokorrak onartzearena, egintzat eman du Aitor Esteban EAJko diputatuak. Arrazoitu duenez, "jarri berri duzun gobernuaren erreminta bat da". Horren ildoan, kontuotan EAJ-PSOE akordioan adostutako puntu batzuk sartzeko deia egin du buruzagi jeltzaleak, eta lan-eskaintza publikoen berrezarpen-tasa edo zorraren muga aipatu ditu adibidetzat. "Gauzak, albait arinen hobeto", erantsi du. 

Inbestidura saioaren biharamunean Radio Euskadiren "Boulevard" saioari eskainitako elkarrizketan, legegintzaldi "oso zaila" iragarri du. "Alderdi asko gaude, eta hauteskunde lehia ere egongo da; gainera, aparteko tentsio bat izango da Kataluniatik", arrazoitu du. Haren hitzetan, ez luke lepoa jokatuko legealdialdia lau urtekoa izango dela. Nolanahi ere, ohartarazi du zentsura mozioa "ia ezinezkoa" dela, Vox tartean egonda. 

Euskadiko PPk euren kontra egindako adierazpenei buruz, uste du "etengabekoak" izango direla Legebiltzarreko hauteskundeak egin arte. "De Andresek ez du aukerarik galtzen, esaldi guztietan du EAJ jomugan, eta Feijook berdin", adierazi du. EAJk Kongresuan duen bozeramailearen aburuz, PPren "erresumina" ez da ulergarria, EAJ "oso argia" izan baita. "Vox tartean duen akordio batean ez da EAJ egongo. Ferraz kalean ikusten ari gara egunotan, faxismoaren oinordeko harroak dira", erantsi du. 

Azpimarratu duenez, "kezkagarria" da Feijook diputatu sozialisten aurkako erasoak "irmoki ez gaitzestea" edota Santiago Abascalek herenegungo hitzaldian egindako "estatu kolperako deiari" entzungor egitea. Horren aburuz, Voxi "ez zaio sistema demokratikoa axola, eta estatu kolperako deia egin du. Demokratontzat kezkagarria da hori, baita PPrentzat ere".

Azkenik, hainbat aldiz galdetu dioten arren, Estebanek ez du argitu zer eskaini zion PPk Feijooren inbestidura babestearren, eta Industria Ministerioa eskaintzearena (hala diote hainbat komunikabidek) "espekulazio hutsa" dela. "Espekulazioak dira, irudimen gutxikoak, gainera", gaineratu du.