Elkarrizketa Euskadi Irratian
Martinez: "Podemosek une honetan ez du kooperazio perspektibarik, aldebakatasunean ari da erabakiak hartzen"
LUZIA ZUGADI LASA | EITB.EUS
"Egia da testuinguru konplexu bat bizitzen ari garela, aldebakartasunean hartu dituztelako erabakiak, baina badugu lan egiteko denbora, eta horretan esfortzu handia egingo dugu", erantsi du Sumar taldearen Bizkaiko diputatuak.
Your browser doesn’t support HTML5 audio
Sumar taldearen Bizkaiko diputatu Lander Martinezek elkarrizketa eman dio gaur, astelehenarekin, Euskadi Irratiko "Faktoria" saioari. Bertan aitortu du une "nahasia" bizitzen ari direla Podemos eta Sumar, baina tartea dutela lan egiteko, eta ahalegin guztiak jarriko dituztela horretan.
Harremanak hobetze bidean, Espainiako Gobernuan Podemosi ministerio bat eskaini diotela ere onartu du. "Aukera ona ez zela erantzun ziguten, eta ezezko horrekin ministro bat izateko aukera galdu dute", esan du.
Martinezek argi utzi du Sumar barruan dauden indar guztiekin lan egin beharko dutela, denak pozik egon daitezen eta talde barruan oreka egon dadin. "Beharrezkoa da kooperazio guztia berreskuratzea, nahiz eta Podemos bere aldetik lanean dabilen. Une honetan ez dute lankidetzaren perspektibarik. Egia da testuinguru konplexu bat bizitzen ari garela, aldebakartasunetik hartu dituztelako erabakiak, baina badugu lan egiteko denbora, eta horretan esfortzu handia egingo dugu", erantsi du.
Sanchezen Gobernu berriari buruz ez du iritzirik eman. Halere, azpimarratu du zeukaten indarra errepikatzea dutela helburu. "Ekintza sozial eta publikoekin lotuta dauden ministerio batzuk nahi genituen, eskubide sozialen inguruan lan egiteko", adierazi du.
Nazio aitortzaren negoziaketa ere hartu du berbagai. "Sumarren, beti egingo dugu aurrera estatuen federazioaren alde egiten duen edozein neurrirekin. Horregatik, eztabaida mahai batean ateratzen den erabaki oro babesteko prest gaude, guretzat garrantzitsuena akordioa lortzea delako", azaldu du. Dena den, iritzi dio Euskadin eztabaida beste puntu batean dagoela.
Bukatzeko, datoren urteko hauteskundeen inguruan ezer gutxi aurreratu du. Sumarreko diputatuak ez omen du oraindik lehendakarigai izateko aukera aztertu, eta ausartegia iruditu zaio eztabaida kolektiboak izan arte Gorrotxategiren hautagaitza ziurtzat ematea ere.