Itxi

Elkarrizketa Radio Euskadin

Bildarratz: "Zioen azalpenean jasotako ñabardura batek ezin du Hezkuntza Legearen onarpena eragotzi"

LUZIA ZUGADI LASA | EITB MEDIA

Leer en Castellano

EH Bilduk legearen onarpenaren atarikoan hartu duen jarreraz kezkatuta, iritzi dio justifikaezina dela "baiezkotik ezezkora igarotzea", "hauteskunde aurreko klimak behartuta ez bada". Kasu horretan, "erabakiak interesen araberakoak" izaten direla azpimarratu du.

El consejero de Educación Jokin Bildarratz. Foto: EITB Media

EH Bilduk Hezkuntza Legearekin lotuta EAJ eta PSE-EEri egin dien azken proposamenaren ondotik, Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratzek Radio Euskadiko "Boulevard" saioan esan du zioen azalpenean jasotako ñabardura batek ezin duela legearen onarpena eragotzi.

"Ituna posible izango denaren itxaropena daukat, arduraz jokatzen badugu behintzat. Esaldi bateko ñabardura bat ezin da 101 artikulu dituen eta 30 urterako taxutu dugun lege baten onarpenean oztopo izan", adierazi du.

Sailburuaren hitzetan, talde parlamentarioei dagokie erabakitzea EH Bilduri kontraproposamen bat egingo dioten ala ez. "Litekeena da gaizki-ulerturen bat egotea, horregatik, guztiok berrikusi beharko genuke testua. Garrantzitsuena irteera profila da, eta helburu horretan guztiok bat gatoz, esaldi bateko ñabardura batean salbu. Nola esango diote ezetz orain arte lortu dugun guztiari?, galdetu du.

Bildarratzen ustez, justifikaezina da "baiezkotik ezezkora igarotzea", "hauteskunde aurreko klimak behartuta ez bada". Kasu horretan, "erabakiak interesen araberakoak" izaten direla azpimarratu du. Edonola ere, abenduaren 21era arte agertokia aldatzeko denbora dagoela nabarmendu du. "Hiru urte hauetan bezala, eskuzabaltasunez lanean jarraitzea eskatzen dut", argitu du.

Zentzu horretan, argi utzi du ez dela EH Bilduren abstentzioarekin konformatuko, alegia, "baiezkoa" nahi duela. "Onarpenean guztiok egonda, hezkuntza komunitateari akordio eta eredu mezua igorriko diogu", erantsi du.

Elkarrekin Podemosen jarrerari buruz, ziurtatu du ez duela desengainurik hartu: "Hasieratik zeukan argi, pentsatzen dut erratu egin zela, lehenengo momentutik kanpo ikusten baitzen", bukatu du.