Profila
Urkullu, moderazioa eta oreka politikoa 12 urteko agintaldian
IKER GOMEZ | EITB MEDIA
Urkulluk Lehendakaritza berreskuratu zuen EAJrentzat, PSEren Gobernuaren ostean. Hiru agintaldi hauetan, elkarrizketa eta suspertze ekonomikoa izan ditu ardatz, besteak beste.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Iñigo Urkulluk (1961, Alonsotegi) hiru legealdi eta hamabi urte Jaurlaritzaren buru utziko ditu atzean. Elkarrizketa, akordioak lortzeko gaitasuna, autogobernua eta susperraldi ekonomikoa izan dira bere hiru agintaldien ardatzetako batzuk.
EAJrentzat une berezi batean iritsi zen Ajuria Enera, aurretik, hiru urtez, PSE-EE egon baitzen Lehendakaritzan, PPrekin akordioa eginda. Hortaz, Lehendakaritza berreskuratu zuen EAJrentzat. Jeltzaleen zerrenden buru bezala, Urkulluk Juan Jose Ibarretxe Markuarturen lekukoa hartu zuen.
Lehen legegintzaldi hartan (2012-2016), Iñigo Urkulluri ETAren osteko garaia eta 2008ko krisi ekonomikoaren ondorioak kudeatzea egokitu zitzaion, besteak beste. Hasieran, bakarrik egin behar izan zion aurre agintaldiari. Ez zuen lortu 2013ko Aurrekontuak aurrera ateratzea, baina, PSE-EErekin egindako lehen itunari esker, sozialistekin urte askoan desadostasunak izan ondoren, lehen legegintzaldia aurrera eramateko behar besteko egonkortasuna lortu zuen: orotara, 34 lege atera zituen aurrera.
2016an berriro hautatu zuten lehendakari, eta Idoia Mendiaren PSE-EErekin koalizio-akordioa lortu zuen. Gutxiengoan gobernatu zuten, baina Eusko Legebiltzarreko alderdi guztiekin unean uneko akordioak lortuta, agintaldia amaitzea lortu zuen. Izan ere, bere hiru agintaldietan, ezberdinen arteko elkarrizketa eta akordioa izan dira bere oinarrietako bat.
Bigarren legegintzaldiaren amaiera gogorra izan zen lehendakariarentzat. Zaldibarko zabortegiaren erorketa kudeatu behar izan zuen, eta, handik aste gutxira, azken hamarkadetako pandemiarik handienari aurre egin behar izan zion. Iñigo Urkullu izan zen osasun larrialdia deklaratu zuen lehen agintari autonomikoa.
Pandemia bete-betean zegoela, 2020ko udan, hirugarren aldiz egin zuen karguaren zina, helburu zail batekin: pandemiaren ondorioek kaltetutako euskal ekonomia aurrera ateratzea. Hirugarren agintaldi honetan, Ukrainako gerraren, krisi energetikoaren eta Osakidetzako eta Ertzaintzako lan-gatazken ondorioei ere egin behar izan die aurre Urkulluk. Oraingoan, EAJren eta PSE-EEren arteko itunak gehiengo absolutuarekin gobernatzea ahalbidetu dio, baina ez dio uko egin Vox ez beste alderdiekin elkarrizketa bultzatu eta itunak adosteari.
Autogobernua, elkarrizketa eta eskumen berriak
Hamabi urteko ibilbide honetan, autogobernua izan da bere ekintzaren ardatz nagusietako bat. Estatus berri baten eta kontsulta baten alde egin du lan, eta askotan eskatu behar izan die Espainiako gobernu ezberdinei Gernikako Estatutua bete dezatela.
Azken urteotan, Eusko Jaurlaritzak hamaika eskumen berri lortu ditu, baita Ekonomia Ituna zabaldu eta Kupoaren Legea berritu ere. Mariano Rajoyren garaian, hainbat bilera egin arren, harremana eten egin zen, batez ere, Espainiako Gobernuak Euskadin onartutako hainbat legeren aurka helegiteak aurkeztu zituelako. Rajoyrekin ez zen eskumenik eskualdatu. Pedro Sanchezekin, aldiz, harremana sendoagoa izan da, eta hamaika eskumen berri lortu dira bost urtean, Espetxeena tartean. Hala ere, behin baino gehiagotan izan da kexu lehendakaria, Moncloarekin hitz egindakoa ez delako bete.
'Proces' auzia
Autogobernuaren defendatzaile sutsua da Urkullu, eta beti egin dio uko alde bakarreko bidetik aurrera egiteari. Ildo horretan, lehendakariak bitartekari lanak egin zituen Mariano Rajoyren eta Carles Puigdemonten artean, eta, horren ondorioz, lehendakariak lekuko gisa deklaratu behar izan zuen Auzitegi Gorenean. Horrek hoztu egin zuen orduko presidentearekin zuen harremana.
Zenbakiak
Hamabi urte hauetan etengabeko krisi ekonomikoak pairatu dituen arren, 2012ko langabezia-datua erdira baino gutxiagora murriztea lortu du (% 16,3tik % 7,5era), BPGa eta esportazioen datuak handitu egin ditu, eta inbertsio publikoa 2.000 milioi eurotik gorakoa da lehen aldiz.
Bizitza pribatua
Seriotasuna, zorroztasuna eta diskrezioa dira Iñigo Urkulluren izaeraren ezaugarrietako batzuk. Oso jeloskorra da bere bizitza pribatuarekin. Ezkonduta dago eta hiru seme-alaba ditu. Ajuria Enean ez bizitzea erabaki zuen, familiarekin Durangon bizitzeko (hori egin duen lehen lehendakaria da).
Musikazalea da, eta txistua jotzen du. Ez du alkoholik edaten, eta apaiz izateko zorian izan zen. Larramendi taldean, erdiko defentsa izan zen, eta bere emaztearen aita, Eneko Arieta-Araunabeña, Athleticeko aurrelaria izan zen.
Oso gazte zela iritsi zen politikara. 1977an sartu zen EGIn (EAJko gazteak), eta hiru urteren buruan heldu zen erakundeko buruzagitzara. Lehen mitina 1983an eman zuen, Aixerrotan (Getxo), 150.000 lagunen aurrean, eta lehen kargu publikoa Bizkaiko Foru Aldundian bete zuen, Gazteriako zuzendari izan baitzen. 29 urte besterik ez zituela iritsi zen Bizkai Buru Batzarreko lehendakaritzara, eta zazpi urte geroago Josu Jon Imaz ordezkatu zuen EBBko presidente gisa.