Itxi

HEZKUNTZA LEGEA

EH Bilduren oinarriek asteartean erabakiko dute "ereduak blindatzen" dituen hezkuntza legea babestu ala ez

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Astelehenean bozkatuko da behin betiko txostena, eta, ezustekorik ezean, EAJren eta PSE-EEren zuzenketei eutsiko die. Horren ostean, Arresek EH Bilduren Mahai Politikoari azalduko dizkio Legebiltzarreko izapideak, eta Mahai Politikoak militantziari aurkeztuko dio bozketa-proposamena.

Ikoitz Arrese EH Bilduko legebiltzarkidea, artxiboko irudi batean. Argazkia: EITB Media

EH Bilduk militantziari galdetuko dio alderdiak zein boto emango dion Hezkuntza Legeari. Itxura guztien arabera, ezezkoa izango da, EAJk eta PSE-EEk ez dutelako lortu hizkuntza ereduak arautik kanpo utziko dituen "oinarrizko adostasunik". Astelehen eta asteartean izango dira EH Bilduren asanblada eta bozketa telematikoa, eta horren arabera bozkatuko du alderdiak Legebiltzarrean. 

Joan den asteartean amaitu zituen lanak Hezkuntza Legeari egindako zuzenketak aztertzen dituen ponentziak. Izan ere, Eusko Jaurlaritza babesten duten taldeek A, B eta D ereduen indarraldia argitu eta gaztelania, euskara eta ingelesaren irakaskuntzaren irakats-izaera jasotzen duten alegazioak sartu zituzten txostenean.

EH Bilduk eta EAJk esan zuten oraindik denbora zegoela jarrerak gerturatzeko, baina, ostiral honetan Ikoitz Arrese EH Bilduko legebiltzarkideak X sare sozialean jarri duenez, "etorkizuneko belaunaldientzako albiste txarra" da.

Astelehenean bozkatuko dute behin betiko txostena, eta, ezustekorik ezean, EAJren eta PSE-EEren zuzenketak mantenduko dituzte, azken talde horrek argi utzi baitu ez duela onartuko ereduak zalantzan jartzen dituen aldaketarik.

Txostena onartutakoan, Arresek astelehenean bertan azalduko dio EH Bilduren Mahai Politikoari Legebiltzarreko tramite horien nondik norakoa, eta organo horrek aurkeztuko dio proposamena militantziari, modu telematikoan bozka dezan.

EH Bilduk Mahaiaren bilera izan arte itxarongo du, bere oinarriei helaraziko dien proposamena argitzeko. Ziur aski, datorren asteko asteazkenean, Legebiltzarreko batzordetik igaroko den legearen txostenari ezezkoa emango dio, koalizioaren Ezohiko Batzar Orokorrak erabakia hartu eta hurrengo egunean.

Hezkuntza Legea abenduaren 21ean bozkatuko dute Eusko Legebiltzarrean, eta, ezustekorik ezean, EAJren eta PSE-EEren babesa jasoko du. EAJk eta PSE-EEk Ganberaren % 54 ordezkatzen dute, 2022ko apirilean hezkuntza-proiektua idazteko oinarriak ezarri zituen eta EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-IUk sinatu zuten hezkuntza-ituna babestu zuen % 90etik oso urrun.

Albisteak (4)

Bideoak (1)