Udal-hauteskundeak Nafarroan
Zerrendarik egon ez den tokietan batzorde kudeatzaileak izendatuko ditu Nafarroako Gobernuak
EITB Media
Nafarroako 30 udalerri eta 39 kontzejutan hauteskundek egin dira gaur, hain zuzen, maiatzaren 28ko hauteskundeetan hauteskunde-zerrendarik aurkeztu ez zen lekuetan. 39 toki-entitate txikitan eta 8 udalerritan zerrendarik gabe jarraitzen dute.
Igande honetako hauteskunde eguna normaltasunez igaro da maiatzaren 28an hautagairik aurkeztu ez eta oraingoan bozkatu ahal izan duten Nafarroako 30 udal eta 39 kontzejuetan.
Maiatzean ez bezala, oraingoan hauteskundeak izan dituzte 30 udalerritan: Aribe, Auritz, Burgi, Eslaba, Ezkaroze, Garde, Garralda, Hiriberri, Izaba, Itzaltzu, Nabaskoze, Orbaizeta, Betelu, Zare, Sartze, Urzainki, Uztarroze, Bidankoze, Aranaratxe, Bargota, Deikaztelu, Etaiu, Legaria, Lezaun, Arantza, Areso, Atetz, Beraskoain, Eratsun, Iturmendi, Muruzabal, Tirapu, Urrotz, Uterga, Zubieta, Barasoain, Beire eta Orisoain udalerrietan.
Aldiz, 8 udalerritan, oraingo honetan ere, ez da zerrendarik egon: Bargota, Etaiu, Hiriberri, Itzaltzu, Lezaun, Nabaskoze, Orisoain eta Sartze.
Halaber, hautagai faltagatik, ezin izan dituzte hauteskundeak egin honako 38 kontzejuetan: Acedo, Anotz, Antxoritz, Itzagaondoa, Aritzaleta, Arruitz, Artaxo, Aurizperri, Azantza, Bearin, Beorburu, Ziganda, Eltzaburu, Ibero, Ibiltzieta, Igari, Iguzkitza, Inbuluzketa, Iturgoien, Izu, Mugiro, Nabaskoze, Olaitz, Olabe, Ostitz, Errezu, Saldise, San Vicente, Sartze, Traibuenas, Urbiola, Uskartze, Ustaize, Uztegi, Zarikiegi, Zenotz eta Zufia.
Zerrendarik gabeko erakundeetan, batzorde kudeatzaileak jarriko dituzte, kontzejuetan izan ezik, leku horietan 'kontzeju irekia' izeneko sistema baitago indarrean.
Bederatzi kontzeju desagertzear daude, ez dutelako zerrendarik izan bi hauteskunde ziklotan (2019ko maiatzekoetan eta urte hartako azarokoetan, eta aurtengo maiatzekoetan eta gaurkoetan). 2019ko Tokiko Maparen Erreforma Legearen arabera, desagertu egin beharko dira.
Bearin, Azantza, Iturgoien, Narbarte, Antxoritz, Igari, Itzagaondoa, Nabaskoze eta Olaitz dira horiek. Bearin da handiena, 200 biztanle baititu.