Euskara
Adostasunaren bidetik, hizkuntza-politika berri bat eskatu dio Kontseiluak Urkullu lehendakariari
I. R. | EITB MEDIA
Euskalgintzaren Kontseilua kezkatuta agertu da epaitegiek "euskara biziberritzearen aurka" emandako epaiengatik, eta uste du "oldarraldi judizialaren" parte direla. Horren aurrean, adostasun sozial eta politikoak zabaltzeko konpromisoak aldarrikatu ditu, baita horiek "sakonki" lantzekoak ere.
Euskararen aurkako "erasoaldi judizialari" aurre egiteko, Eusko Jaurlaritzak hizkuntza-politiketan "jauzi" bat egin dezala eskatu diote gaur Euskalgintzaren Kontseiluko ordezkariek Iñigo Urkullu lehendakariari.
Idurre Eskisabel Kontseiluko idazkari nagusia, Aize Otaño euskararen defentsarako erakunde horren lehendakaria eta Joanmari Larrarte zuzendaritzako kidea bildu dira astearte honetan Iñigo Urkullu lehendakariarekin eta Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarekin.
20 urte igaro dira bi aldeak azkenekoz batu zirenak eta, gaurkoan, lehendakaritzako egoitzan egindako bileran, euskararen normalizazioaren aurkako oldarraldiaren eta euskarak aurrera begira dituen erronken inguruko kezka partekatu dute bi aldeek.
Kontseiluko ordezkariak kezkatuta agertu dira epaitegiek "euskara biziberritzearen aurka" emandako epaiengatik, eta uste dute "oldarraldi judizialaren" parte direla. Horren aurrean, adostasun sozial eta politikoak zabaltzeko konpromisoak aldarrikatu dituzte, baita horiek "sakonki" lantzekoak ere. "Borondate horren erakusgarri da Kontseiluak 2021ean abiatutako Batuz Aldatu dinamika. Dinamika horren bidez, euskal gizartean esanguratsu diren ehundik gora askotariko eragilek bat egin dute euskararen normalizaziorako giltzarri diren bi oinarriekin: ezagutza unibertsalizatzeko helburuarekin eta erabilerarako gune erosoak sortu eta zabaltzekoarekin", esan du Kontseiluko idazkari nagusiak.
Horretarako, Kontseiluko kideak sinetsita daude bi oinarri horien gainean adostasun sozial zabala eraiki daitekeela, "hizkuntza-politiketan sakontzeko akordio politiko zabal baterako bide izan daitekeena". Hori horrela, datozen hilabeteetan harreman-bilerak abiatuko dituzte "euskararen normalizazioan aurrera egitea ekarriko duen akordio soziopolitiko berri baten bila", Eskisabelen esanetan.