Elkarrizketa Euskadi Irratian
Martinez: "Posizio txarrean geratu dira Podemoseko diputatuak, hautesleekin konpromisoa hautsi baitute"
LUZIA ZUGADI LASA | EITB MEDIA
Sumarreko diputatuak adierazi duenez, zein lekutan jarri hautatu beharko du orain Podemosek. "Alegia, koalizio Gobernuaren edo eskuin eta ultraeskuindarren artean aukeratu beharko du", azpimarratu du.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Podemoseko zuzendaritzak Espainiako Diputatuen Kongresuko Sumar talde parlamentarioa uztea erabaki du, eta horren inguruan galdetuta, Lander Martinez diputatuak Euskadi Irratiko mikrofonoetan nabarmendu du erabakiak "posizio txarrean" uzten duela alderdi morea, "hiru milioi hauteslerekin duen konpromisoa" hautsi duela iritzita.
Erabakiak koalizio Gobernuaren egonkortasunean izango duen eraginaz ere hausnartu du. Sumarreko diputatuak adierazi duenez, zein lekutan jarri hautatu beharko du orain Podemosek. "Alegia, koalizio Gobernuaren edo eskuin eta ultraeskuindarren artean aukeratu beharko du. Oso arduratsuak izan behar gara, eskuina gogor jotzen ari delako. Gobernua babesteko lan egin beharko dugu, eta diputatu horiek badakite Sumarren zerrendan daudela, beraz botoa eman dieten herritarrekin konpromisoa bete beharko dute", azaldu du.
EAEko hauteskundeei begira koalizioan aurkezteko aukera baztertu ote duten ere galdetu diote Martinezi, eta horri buruz esan du beharrezkoa dela koalizio zabal bat egitea, jendeak uztailean eskatutakoari erantzun bat emate aldera.