ZENTSURA MOZIOA
Joseba Asiron: "Behingoz atzean utzi nahi ditugu paralisi eta blokeo urteak"
EITB Media
EH Bilduk Iruñeko Udalean duen bozeramaileak iragarri du ostegun honetan bilera sorta abiatuko duela bloke aurrerakoia osatzen duten talde politikoekin, gobernua osatzeko asmoz. Miren Zabaletak, bere aldetik, Iruñerako akordioa dela nabarmendu du.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Iruñeko Udalean Cristina Ibarrola (UPN) alkatearen aurkako zentsura mozioa aurkeztu ondoren, abenduaren 28an gobernu aldaketa izango da Nafarroako hiriburuan; itxura guztien arabera, Joseba Asironen mesedetan. EH Bilduk Iruñeko Udalean duen bozeramaileak azaldu duenez, "paralisi" eta "blokeo" urteak "behingoz" atzean utzi nahi dituzte, eta gaurtik lan egingo dute herritarren beharrei erantzuteko. Halaber, indar aurrerakoei eskua luzatu die eskuz esku lan egiteko, "akordioak zenbat eta zabalagoak izan, orduan eta onuragarriagoak izango direlako hiriarentzat".
Joseba Asiron EH Bilduren alkategaiak aurreratu duenez, ostegun honetan bilera sorta abiatuko du bloke aurrerakoia osatzen duten talde politikoekin, handienetik txikienera, "gobernu aurrerakoi eta partekatua" osatu eta legealdiko akordio programatikoa adosteko asmoz.
Gobernu osaketaren inguruan galdetuta, PSN gobernuan sartzea gustatuko litzaiokeela onartu du Asironek. Nafarroako Alderdi Sozialistak, ostera, aukera hori baztertu egin du. Edozein kasutan, aurrerago ere horretarako aukera izango dela adierazi du Iruñeko alkate berria izango denak.
Gainera, Iruñean "elkarbizitza, elkar ulertzea eta adostasuna" bultzatzeko helburuz, hainbat proiektu martxan jartzeko konpromisoa hartu du Asironek. Datozen urtetarako erronken artean hauek aipatu ditu: etxebizitza plana, Sarasate pasealekuaren urbanizazioa, Erripagainaren egoera edo Sanduzelaiko biribilgunea. Halaber, 2024rako udal aurrekontuak "ahalik eta lasterren" onartzeko lan egingo duela esan du.
Bestalde, Miren Zabaleta EH Bilduko Nafarroko koordinatzaileak azpimarratu duenez, Iruñeko zentsura mozioak ez dauka "inolako harremanik" Pedro Sanchezen inbestidurarekin. Ez hori bakarrik, akordioa Iruñerako dela zehaztu du, hau da, hiriaren egoeraren inguruan PSNk eta EH Bilduk egindako diagnosi partekatu batetik abiatuta jaio dela.
EH Bilduren eta PSNren arteko akordioak "bizikidetzaren" aldeko konpromisoa jasotzen du, baita ETAren indarkeriak eragindako biktimak zein motibazio politikoko biktimak aitortzeko, erreparatzeko eta ez umiliatzeko ere.
Ibarrolak "miserable" deitu die sozialistei, "ETAren ondorengoei Iruñeko alkatetza emateagatik"
Cristina Ibarrola Iruñeko alkateak adierazi du gaurkoa "egun tristea dela, ez hiriarentzat bakarrik, baita herrialde osoarentzat ere", eta EH Bilduri alkatetza emango dion zentsura mozioa aurkeztu ondotik, esan du "PSNk hiria modu miserablean saldu" duela.
Hala, Maria Chivite, Ramon Alzorriz, Santos Cerdan, Elma Saiz eta Pedro Sanchez buruzagi sozialistei dei egin die "Iruñeko kaleetara atera eta herritarrekin aurrez aurre hitz egiteko", eta euren postuak mantetzeko Iruñea saldu izana egotzi die.