ELKARRIZKETA RADIO EUSKADIN
Javier Esparza, Iruñeko zentsura mozioaz: "Erabaki hau mugarria da"
O. A. | EITB Media
UPNko presidenteak gezurra esatea eta boto emaile sozialistei "traizioa" egitea leporatu dio PSNri, Joseba Asiron alkate egitea ahalbideratuko duelako.
Cristina Ibarrolaren aurkako zentsura mozioak lurrikara politikoa eragin du Nafarroan, eta UPNko presidenteak gaur nabarmendu duenez, erabaki hori "mugarria da". Javier Esparzaren iritziz, PSNk eta PSOEk EH Bilduren babesa baliatu dute orain arte erakundeetara iristeko —Chivite Nafarroako presidente eta Sanchez Espainiako presidente izateko—, eta orain babes horiek "eskertu" dituzte Joseba Asiron Iruñeko alkate eginez.
Radio Euskadiri eskainitako elkarrizketan, Javier Esparzak UPNko presidenteak gezurra esatea eta boto emaile sozialistei "traizioa" egitea leporatu dio PSNri, Joseba Asiron alkate egitea ahalbideratuko duelako. "Asiron ez zutela alkate egingo esanez aurkeztu ziren udal hauteskundeetara, eta azkenean Joseba Asiron alkate egingo dute", gaineratu du.
Ekainean Iruñeko udalbatza osatu zenean Joseba Asiron alkate ez egitea erabaki zuen PSNk, eta abenduaren 28ko ezohiko osoko bilkuran, aldiz, babestu egingo du. Horri buruz galdetuta, Esparzak uste du EH Bilduko alkatea ekainean aukeratu izan balute Pedro Sanchez ez zela Espainiako Gobernuko presidente izango.
Halaber, atzo egin bezala, EH Bildu alderdi nazi batekin alderatu du Esparzak. Horren ustez, alderdi naziak Alemanian legezkoak balira sozialista alemaniar bakar batek ere ez lioke eskualde bateko hiriburu baten alkatetza emango. "Hemen, terrorismoagatik kondenatutako Arnaldo Otegi buru duen alderdi politikoari ematen zaio", gehitu du.
Azkenik, EAJk Nafarroan eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezberdin jokatzen duela nabarmendu du Esparzak, eta esan du EAJk ez liokeela esaterako Donostiako alkatetza emango EH Bilduri. "Nafarroarentzat okerrena eta Euskadirentzat onena nahi dute", gaineratu du.