Itxi

Hauteskundeak

Irene Montero izango da Podemosen zerrendaburua Europako hauteskundeetan, eta ez du Sumarrekin bat egingo

agentziak | eitb media

Leer en Castellano

Espainiako Berdintasun ministro ohiak onartu egin du Ione Belarra alderdiko idazkari nagusiaren eskaintza 2024ko ekainean egingo diren hauteskundeetako zerrendan lehenengo postuan joan dadin.

Irene Montero. Argazkia: Efe

Ione Belarra Podemosen idazkari nagusiak Irene Montero proposatu du 2024ko Europako hauteskundeetan zerrendaburu izan dadin, eta Espainiako Berdintasun ministro ohiak onartu egin du eskaintza.

"Ahora más que nunca" ekitaldia egin du alderdi moreak Madrilen, eta hor eman dute hautagaitzaren berri. Sumarrekin elkarlana eten ondoren aro berri bati ekiteko garaia irudikatu nahi izan dute ekitaldian.

Montero ez zen Sumarren zerrendan sartu uztailaren 23ko hauteskunde orokorretan, eta orain onartu egin du Podemosen proposamena "motibazioak eta itxaropenak berdin" jarraitzen duelako.

"Orain sekula baino gehiago behar da politika, eta jaio dadila mundu justuago bat", adierazi du Monterok alderdikideen aurrean, "garrantzitsuenera, oinarrizkora, itzuli" behar dela azpimarratu aurretik.

"Ez gaude konforme orain dagoenarekin, eskubide gehiago behar dira, eta eskuindarrak gelditu, ez gara isilik geratuko eta ez gara polikiago joango", esan du Madrilgo Prentsa Jauregian, 600 alderdikideren aurrean.

Alderdiaren primarioetan onartu beharko dute hautagaitza behin betiko.