Itxi

2024KO EAE-KO HAUTESKUNDEAK

"EH Bilduren garaia" dela esan du Otxandianok

EITB Media

Koalizio subiranistak ekitaldia egin du Bilbon, euskal gizarteari helarazteko prest dagoela etorkizuneko erronkei aurre egiteko.

Pello Otxandiano ekitaldirako bideoan. Argazkia: EFE

EH Bilduk ekitaldia egin du igande honetan Bilboko Euskalduna Jauregian, 'Etorkizuna gara' lelopean. Bertan izan dira Arnaldo Otegi koordinatzaile nagusia eta Pello Otxandiano, koalizioak 2024ko Legebiltzarrerako hauteskundeei begira proposatutako hautagaia.

Pello Otxandianoren lehen ekitaldi publikoa izan da EH Bilduk lehendakarigai izateko aukeratu zuenetik. "Nire bertsiorik onena emango dudala, pasioz lan egingo dudala eta itxaropena dudala besterik ezin dut agindu", adierazi du. "Guk ez dugu sigla bat ordezkatzen, herri honentzako etorkizuneko proiektu batekin konprometitutako komunitate politikoa gara".

"Etorkizunari baikor begiratzeko arrazoiak ditugula eta gauza handiak egin ditzakegula uste dut", esan du Otxandianok. Hala, "galdera zaharrek erantzun berriak" behar dituztela nabarmendu du, eta "gure garaia da, etorkizuna gara", berretsi.

Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiaren esanetan, koalizio independentista "irabaztera aterako da" datorren urteko hauteskundeetan, Euskadik "beste aliantza politiko batzuk, mugarik gabeko gobernua eta anbizio sozial eta nazional handiagoa" merezi dituelako.

"Etorkizunak proiektuak ditu. Euskal Herriaren etorkizuna EH Bilduren hizkiekin idazten da. Espero zenuten etokizuna zuek zarete", azaldu du Otegik 2.000 lagunen aurrean.

Bide horretan, "umiltasunez, harrokeriarik gabe eta isiltasunean" lan egin behar dela nabarmendu du. "Askotan galdetzen digute nazioartean zein den gure arrakastaren sekretua. Sekretua gure balioetan dago. Gure erantzukizun historikoaz jabetzen den ezkerra gara, arinkeriatik urruntzen dena. Umiltasunez lan egiten duen eta printzipioei eusten dien ezkerra gara. Lan asko egiten dugu eta zarata gutxi atera. Hitza mantentzen eta errespetatzen duen ezkerra gara. Balio eta printzipio horiek guztiek herri honetako lehen indarra izatera eraman gaituzte", hausnartu du.

Otegi, Otxandiano eta Iriarte. Argazkia: EH Bildu

2024ko helburuak eta lan-ildoak adosteko burututako ekitaldian, Joseba Asiron ere egon da. Cristina Ibarrolaren aurkako zentsura-mozioaren ostean, ostegunean hartuko du Asironek Iruñeko alkate kargua berriro ere.

"EH Bilduren ate birakariek ez diete enpresetako administrazioei begiratzen, kaleari baizik", esan du Asironek, besteak beste.

Maddalen Iriartek gidatu du ekitaldia, eta EH Bilduko ordezkariez gain, Joseba Sarrionandia idazleak eta David Fernandez kazetari eta politikari kataluniarrak ere hartu dute hitza.