Itxi

ERREGEAREN MEZUA

Erregeak bere diskurtsoa Konstituzionaren defentsan oinarritu izana kritikatu dute EAJk eta EP-IUk

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Jeltzaleen ustez, erregeak "desadostasun konstituzionalak" alde batera utzi zituen atzoko mezuan. Elkarrekin Podemos-IUk, berriz, Felipe VI.ak "eskuinaren diskurtsoa" erosi zuela dio. Euskadiko PPk erregearen hitzak txalotu egin ditu, eta PSOEk bat egin du mezuarekin.

Espainiako erregea, Gabonetako mezuan. Argazkia: EFE

EAJk eta Elkarrekin Podemos-IUk Felipe VI.a Espainiako erregearen Gabonetako mezua kritikatu dute, Konstituzioaren defentsa egiteagatik, Euskadiren desadostasunak kontuan hartu gabe, jeltzaleen arabera, eta eskuinaren markoa erosita, koalizioaren arabera. EH Bilduk erregearen mezuaren baloraziorik ez egitea erabaki du aurten. Euskadiko PPk, bestalde, hitzaldi "zoragarria" goraipatu du, eta PSOEko presidentea erregearen mezuarekin lerrokatu da.

Aitor Esteban EAJren Kongresuko bozeramaileak kritikatu egin du bart Felipe VI.ak egindako hitzaldian, Espainiako erregeak "desadostasun konstituzionalak" alde batera utzi izana. Jeltzaleen ordezkariaren ustez, erregeak "PP, PSOE eta Vox", alderdientzat egin zuen bere diskurtsoa. 

Bilbon egindako agerraldian, Estebanek azpimarratu du diskurtsoaren hasieran erregeak aipatu zuela "herritarrak kezkatzen dituzten arazoez" hitz egingo zuela, baina batez ere Konstituzioaz eta Espainiaren batasunaz aritu zela. "Espainia nazio bakar gisa", gaineratu du.

"Ez zuen diskurtsoa euskal abertzaleengan edo Kataluniako nazionalistengan pentsatuz egin, ezta galiziarrengan ere. Jakina, PPri, PSOEri eta Vox-i zuzendutako diskurtsoa da", gaineratu du. Horrez gain, urteroko estatistika ere gogorarazi dio erregeari: 1.469 hitz guztira, eta bi euskaraz besterik ez.

EP-IU: "Eskuinaren diskurtsoa erosi du"

Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemos-IUko bozeramailearen ustez, erregeak "Konstituzioaren defentsa egin zuen atzo, baina zentzurik txarrenean", "eskuinaren eta ultraeskuinaren diskurtsoa erosiz" eta "bere postua defendatzera" mugatuz.

Gorrotxategiren ustez, "barkaezina" da, gainera, Gazako gerra aipatu ez izana.

"Erregeak bere postua defendatu zuen funtsean, bere erakundea eta bere iraupena", kritikatu du Elkarrekin Podemoseko agintariak.

Euskadiko PPk: "Gure elkarbizitzaren defentsa sendoa egin zuen"

Esther Martinez EAEko popularren idazkari nagusiak txalotu egin du erregearen Gabonetako diskurtsoa eta "gure bizikidetza demokratikoaren eta konstituzionalaren defentsa sendoa" izan zela aldarrikatu du. "Beraz, berdintasuna, askatasuna eta bizikidetza bermatzen dituen Legearen defentsa egin zuen". 

Bilbon egindako adierazpenetan, Martinezek defendatu du erregearen mezua "erantzukizunez beteta egon zela, gure konstituzioa, legeen legea, eta, zalantzarik gabe, gure historia hurbileko arrakastarik handiena azpimarratuz".

Buruzagi popularraren ustez, "denok gara hausturarik edo zatiketarik ez sortzeko erantzuleak, eta denok gara erantzule zubiak eraikitzeko, eta ez harresiak".

PSOE, Konstituzioaren defentsarekin bat

Cristina Narbona PSOEko presidenteak adierazi du Konstituzioa "esparru egokia" dela "gure herrialdeko elkarbizitza mantentzeko". 

Horrez gain, Narbonak zehaztu du bere alderdia ados dagoela erregeak "enpleguari, osasunari, hezkuntzari eta erretiro duinari" buruz adierazi zuen "kezkarekin".

Albisteak (2)

Bideoak (4)