Itxi

PRESOEN ALDEKO MOBILIZAZIOAK

Ertzaintzak espedientea ireki die 127 pertsonari Zaballako espetxera bengalak jaurti ostean

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Bestalde, manifestazioa egin dute larunbat honetan Basauriko kaleetan Sare plataformak deituta, presoen egoerari "konponbidea" ematea eskatzeko. 2024ko urtarrilaren 13an Bilboko kaleak betetzeko deia ere egin dute.

Zaballako espetxearen artxiboko irudia.

Ertzaintzak 127 pertsona identifikatu ditu Zaballako (Araba) espetxearen inguruan egindako elkarretaratze batean, eta espedientea ireki die, zigorrak jartzea proposatzeko, desobedientzia eta kartzela barrura bengalak jaurti izana egotzita.

13:00ak aldera, hainbat lagunek elkarretaratzea egin dute Zaballako espetxearen perimetroaren aurrean, "Presoak kalera amnistia osoa" lelopean.

Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, manifestariek espetxera igotzeko errepidean biltzeko baimena zuten, baina ez leku horretan, eta Ertzaintzako agenteen aginduei jaramon egin gabe, espetxearen perimetroraino iritsi dira. Bertatik, bengalak jaurti dituzte espetxearen perimetroaren barrualdera.

Horren aurrean, elkarretaratzean parte hartzen ari ziren 127 pertsona identifikatu ditu Ertzaintzak, eta espedientea ireki die, desobedientzia eta kartzela barrura bengalak jaurti izana egotzita. Gainera, hainbat material pirotekniko konfiskatu dizkiete, eta Gasteizko ertzain-etxera eraman dute aztertzera.

Sarek manifestazioa egin du Basaurin, "konponbidea" eskatzeko

Bestalde, Sare herritar plataformak manifestazioa egin du larunbat honetan Basauriko kaleetan, presoen egoerari "konponbidea" ematea eskatzeko.

Antolatzaileek sare sozialetan jakitera eman dutenez, martxa Basauriko espetxetik abiatu, eta Arizgoitiko plazan amaitu da.

"Konponbiderako giltzak" leloa zeraman pankarta baten atzean, eta Palestinako bandera ugari zeramatzatela, dozenaka lagunek parte hartu dute Sarek urtarrilaren 13rako Bilbon antolatu duen manifestazioaren atariko mobilizazioan.