Itxi

Urte amaierako mezua

Oposizioak uste du Urkullu lehendakaria "autokonplazientea" izan dela urte amaierako bere azken mezuan

EITB MEDIA

Leer en Castellano

EH Bilduren ustez, lehendakariak "herritarrekin konektatzeko aukera galdu du"; PSE-EEk "aldaketa askoren mugarrian" gaudela esan du, eta aldaketa horiek "emakumezko lehendakari batek burutu" beharko lituzkeela aldarrikatu du Podemos Euskadik.

Eusko Legebiltzarra, goitik. Argazkia: EFE

Euskal alderdi politikoek berehala erantzun diote Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzaren lehendakariak urte amaierako mezuan esandakoari, "autokonplazentziaz" aritzea leporatu diote eta 2024ko erronkak aipatu dituzte.

EH Bilduko legebiltzarkide Nerea Kortajarenarenen iritziz, "gaur, berriro ere, aukera galdu du Urkullu lehendakariak herritarren aurrean jarri eta balantza zintzo bat egiteko". Hamarkada honetan gertatutakoa "notario bat balitz bezala, errelatore bat balitz bezala" kontatu duela esan du Kortajarenak, eta bere mandatuen irakurketa "autokonplazientea" egin duela.

Kortajarenaren esanetan, baina, "argi-ilunez beteriko hamarkada bat" izan da. "Urkullu lehendakariak ez du etorkizuna prestatzen jakin, eta maila batean hamarkada honetan eman diren garai onak edo aldeko ziren haizeak ez ditu baliatu ditugun erronka eta trantsizio horien aurrean herri hau behar zuen lekuan egoteko. Agerian geratu dira hamar urte hauetan egoerei aurre egiteko izan dituen ezintasunak eta lidergo faltak, eta, ondorioz, hitz egin daiteke hamarkada galdu batetaz", adierazi du. Era berean, "herritarrekin konektatzeko aukera galdu du", horren aburuz, "ez duelako aipamenik ere egin herritarrentzat kezka nagusi diren gaiez".

Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak esan du 2024. urtearen atarian sozialistak prest daudela, "beti bezala, gogor lan egiteko, elkarlanean aritzeko eta, batez ere, aurretik dituen erronkei anbizioz erantzun behar dion herri baten buru izateko". "Guretzat ez da lana amaitzen, garai berri bat irekitzen dugu", adierazi du, eta ohartarazi du "aldaketa askoren mugarrian" gaudela, eta, beraz, "modu positiboan erantzun beharra dago", horren arabera.

Nabarmendu duenez, "enplegu gehiago eta hobea lortu behar da, ongizate handiagoa, eskubide gehiago, zaintza gehiago, oparotasun handiagoa", eta hori "eskua luzatuz" lortu behar da. "Gure konfiantza zerbitzu publikoetan dago, Hezkuntzan, Osasunean, lan egiten duten pertsonengan eta lan bila dabiltzanengan, gure industrian, gizonen eta emakumeen arteko berdintasunean, kulturan, euskaran eta askatasunean", gaineratu du.

Pilar Garrido Podemos Euskadiko koordinatzaileak ere modu kritikoan baloratu du lehendakariaren mezua, eta "ezer berririk" ez dagoela esan du. "Lehendakari batek, kezkatu ez ezik, arduratu ere egin behar du", ohartarazi dio. Garridok salatu duenez, "bere politikek gero eta atzerago utzi dute Euskadi, gero eta jende gehiago atzean", eta "etorkizunak desberdin pentsatzea eta egitea eskatzen du", horren iritzian.

"Euskadik emakume lehendakari bat izatea merezi du, guztion ongia ulertu eta defendatuko duena. Osakidetza indartzeaz, eskola publikoa defendatzeaz, etxebizitza eskuragarriago bat lortzeko aukera emateaz, aurrerapen feministak defendatzeaz eta emakume guztientzako eskubideak defendatzeaz arduratuko dena", esan du Garridok.

Javier de Andres EAEko PPko presidenteak, bere aldetik, adierazi du Iñigo Urkulluren gobernuaren balantzea ez dela "ona", egoera ez dela "ondo kudeatu" eta ez dela "proiektu onik" egon. Euskal ekonomiaren "gainbehera" eta zerbitzu publikoen "kalitatea galtzea" ekarri duen "dinamika" ere kritikatu ditu Gasteizen hedabideei egindako adierazpenetan. EAEko PPko buruak gogor kritikatu du, Eusko Jaurlaritzan "hamaika urte baino gehiago" eman ondoren, Iñigo Urkulluk urte amaierako azken mezuan eman duen "datu bakarra langabeziarena" izatea, "ahaztu egin baitzaio esatea langabezia gutxien duen Espainiako autonomia-erkidegoa izatetik tasa txikiena duen laugarrena izatera igaro garela".

Azkenik, Amaia Martinez Voxeko legebiltzarkideak esan du lehendakariaren hamaika urteko balantzea "autokritikarik gabea eta nazioarteko testuinguruak eta krisi globalek eragindako biktimismoaz kutsatua" izan dela. "Lehendakariak funtsezko lau mugarriz hitz egin digu, baina datuak desitxuratu ditu", adierazi du, enpleguari, bizikidetzari, kohesio sozialari eta autogobernuari erreferentzia eginez.

EAJren izenean, Joseba Egibar EAJk Eusko Legebiltzarrean duen bozeramaileak guztiz kontrako irakurketa egin du. Iñigo Urkullu lehendakariak urte amaierako mezuarekin bere ibilbidearen "balantzea" egiteaz gain, "etorkizun berri bat irabazteko oinarriak" ere ezarri dituela esan du. "Lehendakariaren ibilbidea bere iraunkortasunagatik eta umiltasunagatik bereizi da", esan du Egibarrek, eta Urkulluren "proiektu politikoa" goraipatu du, "ikuspegi pertsonaletik, eskubide politiko, kultural, sozial eta linguistikoetatik".

Lehendakariak orain arte egindakoak "etorkizunaren oinarriak ere ezartzen ditu", Egibarren esanetan, eta etorkizun horrek nahitaez hiru printzipio izan behar dituela oinarrian: "sendotasun demokratiko, instituzional eta ekonomikoa", "balio komunitarioak" eta "erabakitzeko gaitasuna".

Halabar, Urkulluren ibilbidea "ziklo agortutzat" jotzen duten "populistak eta agoreroak" kritikatu ditu Egibarrek.

Albisteak (1)