URTE AMAIERAKO MEZUA
"Erakundeak jendearen zerbitzura jartzeko" deia egin du Chivite presidenteak urte amaierako hitzaldian
EITB MEDIA
Digitalizazioa, jasangarritasuna, zerbitzu publikoak, enplegua, etxebizitza, berdintasuna eta bizikidetza aipatu ditu Nafarroako presidenteak 2024rako erronka nagusietako gisa.
Maria Chivite Navascues Nafarroako presidenteak "erakundeetatik lanean ari garenok jendearen zerbitzura egotearen garrantzia" azpimarratu du urte amaierako hitzaldian.
Helburu hori betetzeko, gizarte gisa guztien arteko batasunak duen balioa nabarmendu du. "Aliantzak sortu eta sareak ehuntzeak hobeak egiten gaitu", esan du Chivitek. Ildo horretan, bere gobernua sare eta aliantza horiek osatzeko lanean ari dela adierazi du, "erantzukizun instituzionalak ditugunok jakin behar dugulako guztion ongizatea lortzea dela lehentasuna".
Nafarroako gizarteak urte berrirako dituen erronkak ere aipatu ditu Maria Chivitek. Digitalizazioa, jasangarritasuna, zerbitzu publikoak, enplegua, etxebizitza, berdintasuna eta bizikidetza direla lehentasunak jakinarazi du presidenteak, eta "entzutea eta hitz egitea" azpimarratu ditu Gobernuaren lan-tresnatzat; izan ere, "zaratak ez ditu jendearen arazoak konpontzen".
Hitzaldiari amaiera emateko, egun hauetan bakarrik daudenak izan ditu gogoan Chivitek: "2024rako nire desioa komunitate oparoa eta berdintasunean aurreratua izaten jarraitzea da, baita gehien behar dutenei babesa ematen aitzindariak izaten jarraitzea ere".