Bastida
EH Bilduk zentsura mozioa proposatu du Bastidan, PP Alkatetzatik kentzeko
EITB MEDIA
EH Bilduk uste du zentsura mozioa aurkezteko unea iritsi dela, herritarren gehiengoak —"bai zinegotzi kopurua (5-4) zein boto portzentajea (% 48,73 - % 46,85) aintzat hartuta"— "PPren politika kontserbadoreei ateak ixten dizkion" udal gobernu plural eta aurrerakoi bat nahi duelako, .
PP Alkatetzatik kentzeko proposamena luzatu dio Bastidako EH Bilduk EAJko zinegotzi ohiek sortutako Lasa Bai alderdi berriari. Horretarako, zentsura mozioa aurkeztea agindu dute. Maiatzaren 28az geroztik, Bastida eta Mañueta dira Araban PPko alkatea duten udalerri bakarrak. Bastidan, 4 zinegotzi lortu zituen PPk, 3 EAJk eta 2 EH Bilduk.
Koalizio abertzalea EAJren alde egiteko prest agertu zen (duela lau urte egin zuen bezala), PP Alkatetzan egon ez zedin, baina alkategairik ez aurkeztea erabaki zuten jeltzaleek. Horrek EAJko hiru zinegotziren haserrea eragin zuen. Hirurek EAJ utzi eta alderdi berri bat eratzea adostu zuten.
Zazpi hilabete geroago, EH Bilduk uste du zentsura mozioa aurkezteko unea iritsi dela, herritarren gehiengoak —"bai zinegotzi kopurua (5-4) zein boto portzentajea (% 48,73 - % 46,85) aintzat hartuta"— "PPren politika kontserbadoreei ateak ixten dizkion" udal gobernu plural eta aurrerakoi bat nahi duelako, .
EH Bilduk ohar baten bidez azaldu du "popularrek azken hilabeteotan hartutako norabideak are beharrezkoago egiten du aldaketa Bastidan", eta gorarazi PPren eta Voxen arteko akordioek ukatu egiten dutela "indarkeria matxista existitzen dela".
Horregatik, koalizio abertzaleak Lasa Bairi proposatu dio "eraldatze gobernua" sortzea, herritarren gehiengoaren nahiak kontuan izanda, eta "berdintasuna, aniztasuna, feminismoa eta Euskal Herriaren nazio aitortza oinarri hartuta". Era berean, gura dute udal gobernu berriak herrian arazo diren zenbait aferari erantzutea, hala nola, etxebizitzari, gazteriari, garapen ekonomiko eta sozialari eta trantsizio energetikoari.
Guardian bezala, Bastidan ere PPk EAJri eskatu zion alkategairik ez aurkezteko, Alkatetza popularrek har zezaten.
Horren aurrean, jarduneko alkate Daniel Garcia harrituta agertu da. Haren hitzetan, aurrekontuen harira koalizio abertzaleak egiten zion proposamenaren zain zeudela jaso dute zentsura mozioaren gaineko albistea.
"Ezin dute argudio gisa erabili Voxekin akordioak egin ditugula, Bastidan ez alderdi horrek ez baitu ordezkaririk", erantsi du.
Lasa Baik, bestalde, ez du erabakirik, baina bilera batean berori aztertzeko prest azaldu da.