Itxi

BATERAGUNE AUZIA

Bateragune auziaren epaiketa errepikatzea baztertu du Auzitegi Konstituzionalak epaiaren zirriborroan

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Aurreikuspenen arabera, datorren asteko osoko bilkuran aztertuko dute zirriborroa Konstituzionaleko magistratuek. Gehiengo aurrerakoiaren aldeko botoekin aurrera egingo duela uste da.

Arnaldo Otegi, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE

Bateragune auziaren epaiketa errepikatzea baztertu du Juan Carlos Campo Auzitegi Konstituzionaleko magistratuak epaiaren zirriborroan, Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Sonia Jacinto, Miren Zabaleta eta Arkaitz Rodriguez auzian zigortutakoek aurkeztutako babes helegitea aintzat hartuta.

Epaitegietako iturriek jakitera eman dutenez, datorren asteko osoko bilkuran aztertuko dute zirriborroa Konstituzionaleko magistratuek, eta gehiengo aurrerakoiaren aldeko botoekin aurrera egitea espero da. Zabaldutako informazioaren arabera, testuan magistratuak gogoratu du epaiketa errepikatzeak Espainiako Konstituzioak oinarrizko eskubideen artean jasota duen non bis in idem printzipioa (pertsona bat delitu beragatik birritan auzipetua izatea) urratuko lukeela.

2018 amaieran, Europako Giza Eskubideen Auzitegiak ebatzi zuen Bateragune auziko zigortutakoek ez zutela epaiketa justu eta inpartziala izan. Ezker abertzaleko bost kideek aurkeztutako babes helegitea tramitera onartu eta hiru urtera iritsi zen Estrasburgoko Auzitegiaren epaia. Ordurako, sei urte eta sei urte eta erdi arteko espetxe zigorrak beteta zituzten Otegik, Diezek, Jacintok, Zabaletak eta Rodriguezek (2012an egin zen epaiketa).

Europatik epaia iritsi eta ia bi urtera, Auzitegi Gorenak baliogabe utzi zuen Bateragune auziaren epaia eta epaiketa errepikatzea agindu zuen, akusatuek gaiaren funtsari buruzko ebazpena jasotzeko eskubidea zutela argudiatuta. Erabaki horren kontrako helegitea jarri zuten bost zigortuek Auzitegi Konstituzionalean.