Hauteskundeak
Sumarrek Alba Garcia Martin proposatu du lehendakarigai izateko
EITB Media
Sumar Mugimendua koalizioan aurkeztea negoziatzen ari da oraindik Elkarrekin Podemosekin, baina alderdi horrek Miren Gorrotxategi nahi du lehendakarigairako.
Sumar Mugimenduak Alba Garcia Martin (Bilbo, 1988) proposatu du lehendakarigai izateko, EITBk jakin duenez.
Yolanda Diaz buru duen alderdia koalizioa osatzea negoziatzen ari da Podemos Euskadirekin, eta dagoeneko helarazi dio hautagaitzaren proposamena. Podemos Euskadik, baina, Miren Gorrotxategiren alde egin du lehendakarigairako.
Garcia Martin psikologoa da ogibidez, eta azken urteetan Podemos Euskadiko kide izan da. Are gehiago, udal hauteskundeetan hirugarrena izan zen Bilboko zerrendetan.
Sumar Mugimendutik azaldu dutenez, hautagaitza horrekin "politikaren feminizazioa" sustatu nahi dute, gainerako alderdien hautagaiak gizonak direlako.
Bien bitartean, Podemos Euskadik hauteskunde primarioak abiatu ditu otsailaren 2ra arte, bere hauteskunde zerrenda osatuko duten pertsonak aukeratzeko, eta Gorrotxategik hautagaitza aurkeztu du berriz.
Podemos, "harrituta"
Testuinguru horretan, Elkarrekin koalizioaren espazioko lau alderdiek (Podemos, Sumar, Ezker Anitza-IU eta Equo-Berdeak) bilera egin dute gaur, baina ez dute aurrerapausorik lortu negoziazioan.
Gainera, alderdi moretik "harridura" agertu dute Sumarren proposamenarekin. Izan ere, Garcia Martinek lan kontratua du Podemosekin.