Elkarrizketa Euskadi Irratian
Larrea (Sumar): "Esfortzua egin dugu hautagai egokiena izateko, Alba Garcia espazio politikoko pertsona da"
Eider Garaikoetxea O. | EITB Media
Sumarrek Euskadin duen bozeramailearentzat "ulergarria" da Podemosen harridura, baina hortik aurrera, defendatu du ez dela koalizio morearen kontrako erabakia, espazio politikoari eutsi diotelako. Akordioa lortzeko aukerak badaudela azpimarratuta, erabakia "azkar" hartuko dutelakoan dago.
Your browser doesn’t support HTML5 audio
Sumar Mugimenduak Alba Garcia Martin lehendakarigai proposatu berritan, hautagaitzaren defentsa sutsua egin du gaur Andeka Larrea alderdiko bozeramaileak. Horren hitzetan, Sumarrek "esfortzua" egin du pertsona "egokiena topatzeko", eta garrantzia kendu dio Elkarrekin Podemosen kide eta langilea izatearen kontuari: "Nik nahiago dut esan espazio politikoko pertsona bat dela", argitu du.
Larrea Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan egin ditu adierazpenok. Azaldu duenez, Sumarren hautua "oso logikoa" izan da, eta atzora arte Euskadiko Podemosen kide zenak (baja aurkeztu zuen erabakia hartu eta berehala) espazio politiko horren aldeko "apustua" egin duela nabarmendu du. "Erabakia ez da Podemosen kontrakoa, berak (Alba Garcia) jarraitu nahi izan du espazio politiko horretan", erantsi du. Dena dela, aitortu du ulertzen duela alderdi morearen harridura, baina hortik aurrera, uste du "ez litzatekeela logikoa txartzat hartzea".
Are gehiago, Euskadiko Podemosekin, Ezker Anitzarekin eta Equorekin EAEko hauteskundeetarako akordioa lortzeko "aukerak" badaudela iritzi dio, eta "azken momentura arte" negoziatuko dutela azpimarratu du. Ituna "azkar" lortuko dutelakoan dago, eta ez luke nahi Podemos hortik kanpo geratzea: "Elkarrekin joatea behar-beharrezkoa da".
Larrearen aburuz, "zilegi" da Podemosek Miren Gorrotxategi hautagai proposatzea, eta alderdiaren barne hauteskundeak "errespetatzen" dituela adierazi du. "Orain tokatzen dena da negoziatzea", eta "diskrezioa" aldarrikatu du. Hautagaia ez ezik, indar bakoitzak balizko koalizioan izango duen pisua ere adostu behar dutela esan du, beste behin.