Itxi

POLEMIKA

Tsunami auzian "inplikazio politikoekin" aritzea leporatu dio Riberak Garcia-Castellon epaileari

AGENTZIAK | EITB Media

Leer en Castellano

Auzitegi Nazionaleko epaileak berretsi du Gorenak Puigdemont terrorismo delituengatik ikertu behar duela, eta horren ondotik hitz egin du Espainiako Gobernuko hirugarren presidenteordeak. Epaileak Tsunami auziari buruz hartutako erabakia errespetatuko duela esan du Moncloak.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Teresa Ribera Espainiako Gobernuko hirugarren presidenteordeak "inplikazio politikoekin" aritzea aurpegiratu dio Auzitegi Nazionaleko Manuel Garcia-Castellon epaileari. Tsunami auziko epaileak berretsi du Auzitegi Gorenak Puigdemont terrorismo delituengatik ikertu behar duela, eta horren ondotik Trantsizio Ekologikorako ministroa ere badenak esan du "inplikazio politiko garrantzitsua" duela eta "une sentikorretan gaia ateratzen" duela.

Espainiako telebista publikoari eskainitako elkarrizketan adierazi duenez, Garcia-Castellon epaileak "ohituta gauzka beti" erabakiak "norabide berean" hartzera.

Garcia-Castellon epaileak irizpide politikoen arabera jokatzen ote duen galdetuta, honakoa erantzun du: "Beti asmatu du datetan, hemerotekak horren lekuko dira".

Erreakzioak

Riberaren adierazpenek erreakzio soka luzea eragin dute. PPk iragarri du Senatuan duen gehiengo osoa baliatuko duela Teresa Ribera ministroaren aurkako gaitzespena aurrera ateratzeko. Halaber, popularrek Teresa Ribera Senatuko osoko bilkuran agertzera behartuko dute, presidenteordetzaren eta bere ministerioaren politikak zein diren azaltzeko.

Moncloak, bere aldetik, Auzitegi Nazionalak Tsunami auziari buruz hartzen duen erabakia errespetatuko duela nabarmendu du.

Magistraturaren Elkarte Profesionalak, Francisco de Vitoria elkarte judizialak eta Foro Judizial Independenteak deitoratu egin dituzte Teresa Ribera presidenteordearen adierazpenak, eta errespetua eskatu diote Espainiako Gobernuari. Gainera, epaileen elkarteek adierazi dute Justiziaren denborak ez daudela epaileen menpe, eta ezin dela ikerketa politikaren erritmora egokitu.

Bideoak (1)