Itxi

KONSTITUZIOAREN ERREFORMA

'Gutxitu' hitza Espainiako Konstituzioaren 49. artikulutik ezabatzea onartu du Senatuak

AGENTZIAK | EITB Media

Leer en Castellano

Diputatuen Kongresuak helarazitako testuari aldaketarik egin ez zaionez, ez da behe ganberara itzuliko eta Espainiako Aldizkari Ofizialean argitaratu orduko sartu da indarrean.

Senatuko gaurko osoko bilkura. Artxiboko argazkia: EFE

Senatuko osoko bilkurak behin betiko argi berdea eman dio "gutxitu" hitza Espainiako Konstituzioaren 49. artikuluaren testutik ezabatu eta horren tokian "desgaitasuna duen pertsona" kontzeptua txertatzeko. Gaurko saioan, 254 senatarik alde bozkatu dute eta Voxeko hiru senatariek, ostera, aurka.

Goi ganberak Diputatuen Kongresutik zetorren ekimenaren testuan aldaketarik egin ez duenez, ez da behe ganberara itzuli beharko behin betiko berresteko. Gauzak horrela, aldaketa Espainiako Aldizkari Ofizialean argitaratu orduko sartu da indarrean

Desgaitasunaren inguruko erakundeek Konstituzioaren erreforma aho batez egitea eskatu zuten, baina aurreratu bezala, Voxek aurka bozkatu du. 

Espainiako Konstituzioan egin den lehendabiziko erreforma soziala da. 2018an Espainiako Konstituzioaren 49. artikulua aldatzeko lehen saiakera egin zen eta orduan Kongresuan ordezkaritza zuten alderdi guztiek babestu zuten, baina hauteskunde deialdiak eragotzi zuen tramitazioak aurrera egitea. Hurrengo legegintzaldian gaiari heldu zioten berriro, baina ez zen aldaketa gauzatzeko ez girorik eta ezta denborarik ere egon.