Migrazioa
Frantziako Konstituzionalak immigrazio lege polemikoaren zati esanguratsu bat baliogabetu du
EITB Media
Legearen 37 artikulu, % 40, erabat edo partzialki baliogabetu ditu; besteak beste, egonaldi irregularraren delitua, gizarte-prestazioetarako baldintzak zorroztea eta urteko migrazio-kuotak ezartzea bertan behera utzi ditu.
Frantziako Kontseilu Konstituzionalak immigrazio lege polemikoaren zati esanguratsu bat baliogabetu du gaur, besteak beste, egonaldi irregularraren delitua, gizarte-prestazioetarako baldintzak zorroztea edo urteko migrazio-kuotak ezartzea.
Bertan behera utzitako neurrien artean daude, halaber, familia elkartzeko murrizketak, atzerriko ikasleei fidantza bat ezartzea herrialdetik aterako direla bermatzeko, edo Frantziako nazionalitatea hartzerakoan lurzoru-eskubidea deritzonaren murrizketak.
Legearen 37 artikulu (% 40), Europar Batasunetik kanpoko migratzaileei buruzkoak, erabat edo zati batean baliogabetu ditu Kontseiluak; horietatik 32, formalak baino ez diren arrazoiengatik.
32 artikulu horiek bertan behera geratzen dira, Parlamentuko eztabaidan Gobernuak hasieran aurkeztu zuen lege-proiektuaren testuari erantsi zitzaizkiolako eta ez dutelako lotura zuzenik hasierako proiektu horren xedearekin.
Immigrazio lege polemikoaren aurkako manifestazioa gaur, Parisen. Argazkia: EFE
Eskuineko alderdi kontserbadoreak, Errepublikarrek, beren botoa lortzeko ezarritako xedapenak dira, legea aurrera ateratzeko beharrezkoa zelako.
Horregatik azaltzen da erabakiaren berri izan ondoren, Barne ministro Gerald Darmanin lege-proiektuaren egileak balorazio positiboa egin izana. X sare sozialean idatzitako mezu batean azpimarratu du "Gobernuaren testu osoa" baliozkotu dela.
Loi immigration : le Conseil constitutionnel valide l’intégralité du texte initial du Gouvernement : jamais un texte n’a prévu autant de moyens pour expulser les délinquants et autant d’exigence pour l’intégration des étrangers !
— Gérald DARMANIN (@GDarmanin) January 25, 2024
Le Gouvernement prend acte, comme j’ai pu…
LRk, epailearen erabakiak gehien kaltetutakoak, Eric Ciotti presidentearen ahotik erantzun du, eta Konstituzionaleko kideei "modu politikoan eta ez juridikoan epaitzea" leporatu die, eta "Frantziaren patua babesteko" Konstituzioaren erreforma "ezinbestekotzat" jo du.
Jordan Bardella RN alderdi ultraeskuindarreko presidenteak Konstituzionaleko "epaileen indar-kolpe bat" salatu du, ebazpenak "frantziarren artean babes handiena duten neurriak baliogabetzen dituelako".
Horrela, Konstituzionalak immigrazioa kontrolatzeko eskuinaren ikurretako bat bota du atzera, sarrera-kuoten ezarpena, baina forma-arrazoiengatik egin du.
Aitzitik, bere oniritzia eman dio Europar Batasunetik kanpoko atzerritarrek Frantziako Errepublikaren printzipioak errespetatzeko kontratua izenpetzea bizileku-baimena lortu nahi badute.