ELKARRIZKETA RADIO EUSKADIN
Ramiro Gonzalezek txalotu egin du EH Bilduk akordioen alde egitea, "hauteskunde kalkuluagatik" bada ere
O. A. | EITB Media
Arabako ahaldun nagusia bat dator EH Bilduk akordioa lortzeko egindako "norabide aldaketarekin", berandu badator ere: "Hobe berandu inoiz ez baino".
Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak txalotu egin du EH Bilduk "errotiko aldaketa" egin eta akordioak lortzea, "hauteskunde kalkuluagatik" bada ere. Buruzagi jeltzalearen arabera, EH Bilduk ulertu du euskal gizarteak ados jartzea eskatzen diela alderdi politikoei. Ildo horretan, Gasteizko Udaleko aurrekontuak onartzeko PSE-EEk eta EAJk EH Bildurekin lorturiko akordioa "positibotzat" jo du.
Radio Euskadin eskainitako elkarrizketan Gonzalezek azpimarratu duenez, urteetan egindako "oposizio" gogorraren ondoren, EH Bilduk erabaki du "negoziatzea" eta "adostea", besteak beste, "moderazioaren irudia emateko". "Ondo iruditzen zait konfrontaziotik elkarrizketara igarotzea, hauteskunde kalkulu batengatik bada ere", gehitu du.
Bestalde, Imanol Pradales EAJren lehendakarigaiak "kudeaketan esperientzia" duela azpimarratu du Gonzalezek. Horren esanetan, gerora "betetzeko oso zailak" diren gauza asko hitzematen diren politikaren aurrean, Pradalesek "euskal gizartearekin zintzoa izan nahi du"; arazoak daudela esan eta horiei aurre egiteko prest dagoela, "elkarlanean eta adostuz".
Gainera, ez du uste "inolaz ere" Bizkaiko foru diputatu izateak Gipuzkoan eta Araban botoak lortzeko "oztopo" izango denik. Aitzitik, politika publikoetan duen ibilbidea eta administrazioaren funtzionamenduan duen ezagutza nabarmendu du.
Azkenik, Joseba Diez Antxustegi Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako EAJren Arabako zerrendaburuaren izendapena defendatu du Gonzalezen. Horren iritziz, izendapenak agerian uzten du EAJn "erabakiak hartzen dituztenak afiliatuak direla". Izan ere, Diez ez zegoen alderdiaren zuzendaritzak egindako proposamenean. Nolanahi ere, hautagai eta legebiltzarkide "bikaina" izango dela azpimarratu du.