Elkarrizketa ''Egun On''-en
Pradalesek, Osakidetzaz: "Lehen Arretan garai batean jarritako filtro asko agian desagertu beharko lirateke"
EITB MEDIA
Hobetu beharreko gauzak daudela sinetsita, osasun sistemak dituen zauriak sendatzeko premiaz aritu da, besteak beste, baina orain dituen lehentasunak ahaztu gabe: "gizarteari entzutea, ikastea eta, hauteskundeei begira, proposamen on bat lantzea".
Your browser doesn’t support HTML5 video
Ofizialki EAJren lehendakarigai denetik Imanol Pradalesek emandako lehen elkarrizketa izan da gaur "Egun on" saioari eskainitakoa. Bertan, bere hautagaitza, hauteskunde kanpaina eta euskal gizartea kezkatzen duten hainbat gai hartu ditu mintzagai. Azken puntu horretan, eta Osakidetzaren aferaz galdetuta, pandemiak utzitako zauriak sendatzeko premiaz jardun du, eta onartu badirela aldatu beharreko beste zenbait kontu.
"Osasun sistema sendo bat dugu, ona da orokorrean, baina, zauriak osatzeko bidean, medikuen, erizainen eta osasun profesionalen laguntza beharko dugu, haiengatik ikasi, gabeziak non dauden antzeman eta zein aukera eman daitezkeen baloratzeko", adierazi du.
"Beharbada, Lehen Arretan garai batean ezarritako filtro asko desagertu egin beharko lirateke, alegia, baditugu gauzak hobetzeko. Horrek ez su esan nahi dena pikutara doanik edo dagoen guztia txarra denik. Euskal gizarteak eraldaketa izan du, osasun sistemaren ardatz nagusiak jarri genituenetik, hots, 80-90eko hamarkadetatik. Gizarte zahartuagoa dugu orain", erantsi du.
Bozkei helduta, aitortu du presioa baino gehiago errespetua zor diela, "baina ez hauteskundeei, baizik eta gizarteak eskatzen duenari erantzuteko gaitasunari". Horregatik, entzutea, ikastea eta proposamen on bat aurkeztea dira orain bere lehentasun bakarrak, "hori izango da nire estiloa", azaldu du.
Elkarrizketan, Pradalesek errepikatu du ez duela oraingoz hauteskunde kanpainan arreta jarri, "programa on bat lantzean" baino.
EH Bilduko hautagai Pello Otxandianori buruz, aldiz, kontrakoa adierazi du, hots, ez dagoela bere agertoki berberean, Lehendakaritza zerrenda bozkatuenak hartu beharko lukeela esan zueneko adierazpenak gogoan.
PSE-EEko lehendakarigai Eneko Anduezaren inguruan ere galdetu diote. EH Bildurekin Gobernua zuzentzeko akordiorik itunduko ez duela entzun da haren ahotan aspaldion, behin baino gehiagotan, eta hain zuzen ere, hitz horiek sinisten dituen galdetu diote Pradalesi gaurkoan. "Anduezak berba asko egiten du, baina ni nirean nago zentratuta, bera izango da berak esandakoen morroi, nabarmendu du.