Itxi

Amnistia Legea

Amnistia Legearen gakoak: negoziazioa, onuradunak eta urratsak

IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA

Leer en Castellano

2012ko urtarrilaren 1etik 2023ko azaroaren 13ra. Denbora tarte horretan egindako ekintzei eragingo die Amnistia Legeak, onartuz gero. Terrorismo delituei dagokienez, giza eskubideen urraketa larririk egon ez bada, barkatu egingo dira. Onuradunak 382 bat herritar izango direla aurreikusten da.

Irudia: EITB Media

Amnistia Legearen proiektua gaur bozkatuko da Espainiako Diputatuen Kongresuan. Lege organikoa denez, gehiengo osoaren babesa behar du aurrera egiteko. Onartzen bada, Senaturako bidea hartuko du. Han, PPk du gehiengoa.

Gaurko saioan testuan jaso ditzaketen azken orduko moldaketak gorabehera, ondorengoak dira legearen gakoetako batzuk:

Negoziazio korapilotsua

PSOEk eta Juntsek iazko azaroaren 9an itxi zuten Amnistia Legearen gaineko akordioa, eta, horren ondorioz, Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohiaren alderdiak Pedro Sanchezen inbestidura ahalbidetu zuen.

Joan den astean, testua Kongresuko Justizia Batzordearen esku uzteko minutu gutxi falta zirela, bi zuzenketa adostu zituzten sozialistek eta kataluniarrek, besteak beste, terrorismo delituei buruzkoa. Hala, Tsunami Democraticen aferagatik auzipetuak, adibidez, babestuago geldituko dira.

Terrorismo delituek tokirik izango al dute legean?

Azaroan PSOEk aurkeztu zuen testuak kanpoan uzten zituen terrorismo delituak, horien gaineko sententzia irmoa dagoen kasuetan.  

Orain, Juntsek eta PSOEk berriki adostutakoaren arabera, zirrikitu bat zabaldu zaie terrorismo delituei. Hala, "zuzenean eta nahita giza eskubideen urraketa larriak" eragin dituzten delituak bakarrik utziko dituzte kanpoan.

Zeintzuk dira barkatuko diren delituak?

Ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, desobedientzia, desordena publikoak eta prebarikazioa dira zigorrik gabe geratuko diren zenbait delitu, betiere Kataluniako prozesu independentistarekin lotura zuzena badute.

Noiztik noiz arteko eragina izango du legeak?

2012ko urtarriletik 2023ko azaroaren 13ra. Denbora tarte hori hartzen du kontuan legeak, eta epe horretan gertatutako ekintzei eragingo die. Hiru dira mugarriak: 2014ko azaroaren 9an Katalunian egin zen kontsulta, 2017ko urriaren 1eko erreferenduma eta 2019an "procés"-aren sententziaren ondoren izandako istiluak.

Onuradunak

Zehazteko badago ere, Amnistia Legea indarrean sartuz gero, horren onuradunak 382 bat herritar izango direla aurreikusten da. Tartean leudeke 2019ko kontsultagatik zigortutako Oriol Junqueras ERCko burua eta Artur Mas Generalitateko presidente izandakoa, eta 2017ko erreferendumaren ondoren ihes eginda dauden Carles Puigdemont, Marta Rovira eta Anna Gabriel.

Delituak barkatuko zaizkienen zerrendan daude, era berean, Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidente ohia, Meritxell Serret kontseilari izandakoa, eta Jordi Sanchez eta Jordi Cuixart, ANC eta Omnium Cultural elkarteetako buruak, hurrenez hurren.

Halaber, urriaren 1ean Bartzelonan izandako kargengatik auzipetutako Polizia Nazionaleko 50 agente inguru ere amnistiatuko dituzte.

Puigdemonten itzulera Kataluniara

2017an egin zuen ihes Puigdemontek. Amnistia Legearekin, haren kontrako kautelazko neurriak bertan behera geratuko lirateke. Juntseko iturrien arabera, maiatzean edo ekainean itzuli ahalko litzateke Kataluniara.

Marta Roviraren egoera oso antzekoa da.

Berehalako aplikazioa

Amnistia Legea lehentasunez eta premiaz aplikatu beharko du Justiziak, eta erabakiak gehienez ere bi hilabeteko epean hartu beharko dira.

Bestalde, ez da inolako kalte-ordainik eta isunen itzulketarik jasotzeko eskubiderik izango. 

Hurrengo urratsak

Justizia Batzordearen oniritzia jasota iritsiko da legea Behe Ganberara. Gaurko eztabaidan ere, bada moldaketak jasotzeko tartea, eta ez da baztertzen ERCk eta Juntsek zenbait aldaketa proposatzea. Horien artean, legeak barnean hartuko duen denbora tartea 2011ko azaroaren 1era arte luzatzea.

Kongresutik Senaturako bidea hartuko du, eta han, PPk du gehiengoa. Beraz, prozedura ez da urgentziazkoa izango; popularrek egindako aldaketa baten ondorioz, Amnistia Legearen onarpen prozesua luzatu egingo da.