Itxi

Diputatuen Kongresua

Juntsek atzera bota du Amnistia Legea, Sanchez berriz negoziatzera behartuta

Eider Garaikoetxea O. | EITB Media

Leer en Castellano

PSOEk katalanen zuzenketak atzera bota ostean, JxCateko zazpi diputatuek araudiaren kontra bozkatu dute, eta proposamenak gehiengo osoa behar zuenez (176 boto), ez du aurrera egin. Justizia Batzordean negoziatu beharko dute orain.

Miriam Nogueras Juntseko bozeramailea, gaur Kongresuan, Bolaños ministroa begira duela. EFE

Juntsek "ez" bozkatu du gaurkoan. Ondorioz, Kongresuan izapidetzen ari den Amnistia Legeak ez du aurrera egin, ez baitu beharrezkoak zituen 176 botoak eskuratu. Horrenbestez, Justizia Batzordera itzuli beharko da testua, bertan berriro negozia dezaten. 

Bozketaren emaitza honakoa izan da: 179 kontrako boto (PP, Vox, UPN eta Junts) eta 171 aldeko boto (PSOE eta bere bazkideak, JxCat kenduta). Ez da abstentziorik izan. 

Emaitza horrekin, araudia Justizia Batzordera bueltatu beharko da, eta hilabeteko epean legearen beste irizpen bat eman beharko du. Dena dela, epea are gehiago labur daiteke (15 egun), legearen urgentziazko izapidetzea tarteko. Kongresuko letraduek ebatzi beharko dute gaur-biharretan. 

Aurreko bozketan, legearen irizpenari buruzkoan, Juntseko kideek alde bozkatu dute (177 boto jaso ditu), eta horri esker, Batzordera itzuli ahalko da testua. 

Oso gutxitan gertatu da halakorik Behe Ganberan, eta Kongresuak erabaki beharko du urtarrilean aurkeztutako zein zuzenketari eusten zaion (ezin dira berriak aurkeztu). Nolanahi ere, beti dago zuzenketak adosteko aukera, eta kasu honetan, Kongresuko osoko bilkuran ez bezala, ez da talde guztien babesa behar. 

Negoziazioak, azken ordura arte

Aurrez, Juntsek eta ERCk aurkeztutako zuzenketak atzera bota ditu Kongresuak, PSOEren botoekin. Hori horrela, azken bozketara Justizia Batzordean onartutako testu berbera heldu da. 

Osoko bilkura hasi arte (15:00etan) hartyu-emanetan egon omen dira Junts eta PSOE, baina azkenean ez dute adostasunik lortu. Legeak terrorismo delitu guztiak, traizioa barne, hartzea nahi zuten Puigdemonten alderdikoek, Kataluniako prozesua ikertzen ari diren epaileen ekimenetatik babesteko. Hala egiteak, legearen konstituzionaltasuna zalantzan jarriko lukeela uste dute sozialistek. 

X sare sozialean partekatutako mezu batean, Carles Puigdemont Generalitateko presidente ohi eta Juntseko eurodiputatuak Amnistia Lege sendoago bat eskatu du epaile eta fiskalen "bultzada patriotikoa" geldiarazteko. 

"Asteak daramatzagun saiakera horretan, azkeneraino; inork ezin du esan akordioa lortzeko borondaterik izan ez dugunik. Ez dugu lortu, ordea", azpimarratu du. 

Bolaños: "Erabat ulergaitza da Juntsek 'ezetz' bozkatu izana"

Kongresuaren kanpoaldean eskainitako agerraldi labur batean, Felix Bolaños Presidentetza, Justizia eta Gorteekiko Harremanen ministroak "erabat ulergaitzatzat" jo du Juntsek bozkatutakoa, eta "jarrera zuzentzeko" eskatu dio. Defendatu duenez, gaur bozkatzen zen testua "akasgabea da konstituzioaren ikuspegitik", eta aurrerantzean ere "juridikoki berme guztiak" izango ditu.

Espainiako Gobernuak nabarmendu duenez, "lanean jarraituko du" Katalunian "aro berri bat zabal dadin, eta "politikara itzul dadin inoiz politikaren alorretik atera behar ez zena". Hala, "elkarrizketarako" prest azaldu da. 

Azkenik, ministroak irmo gaitzetsi ditu diputatu batzuek "Espainiako epaileen kontra egin dituzte adierazpenak". Juntsek, Sumarrek, Podemosek edota EH Bilduk kritika gogorrak egin dituzte tribunan Kataluniako prozesua ikertzen ari diren epaileen kontra, eta zenbait kasutan, izen-abizenez aipatu dituzte (Manuel Garcia-Castellon, Tsunami auzia ikertzen duena, eta Joaquin Aguirre, Volhov auziaren arduraduna). 

Junquerasek Juntsen kontrako botoa deitoratu du

Bestalde, Oriol Junqueras ERCren presidenteak Juntsen kontrako botoa deitoratu du, eta gogorarazi dio "gehiengoaren alde" lan egin behar dela. 

Horren ustez, gaur bozkatzen zen testua "nahikoa ona" zen, eta "ehunka pertsona jazartuak izateari uztea" bermatzen zuen. "Ez da ona legea onartu ez izana", kirtikatu du. 

Azkenik, bozketaz galdetuta, Iñigo Urkullu "kezkatuta" agertu da legearentzat ez ezik Espainiako gobernagarritasunarentzat ere traba bat izan daitekeelakoan: