Itxi

1976KO SARRASKIA

Martxoaren 3ko Memoriala Fundazioa otsailaren 15ean eratuko da

EITB MEDIA

Leer en Castellano

San Frantzisko eliza memoria zentro bilakatzeko lanak Jaurlaritzak, Arabako Aldundiak eta Gasteizko Udalak ordainduko dituzte. Hiru milioi euroko aurrekontua dute, eta lanak 2025ean hasiko dituzte.

San Frantzisko elizak hartuko du memoria zentroa.

1976ko martxoaren 3ko sarraskiaren biktimak omentzeko zentroa bultzatzeaz arduratuko den Martxoaren 3ko Memoriala Fundazioa hilaren 15ean eratuko da. 

Radio Euskadik baieztatu duenez, proiektuko parte diren erakundeek (Jaurlaritza, Arabako Aldundia, Gasteizko Udala eta Gasteizko Elizbarrutia) data jarri diote fundazioa erregistratzeari. Gainera, San Frantzisko eliza memoriagune bihurtzeko epeak eta aurrekontuak zehaztu dituzte.  

Elizbarrutiak eliza utziko du, eta hiru euskal erakundeek ordainduko dute atontze lanetarako behar diren 3 milioi euroak (Jaurlaritzak bi milioi bideratuko ditu). Aurten, 320.000 euro banatuko dituzte lehen gastuei aurre egiteko. 

Fundazioaren memoria ekonomikoaren arabera, 2025ean hasiko dira lanak.

1976ko martxoaren 3an Gasteizko San Frantzisko elizan langile batzarra egiten ari zirela Polizia Armatua tiroka sartu eta bost langile hil eta 100 bat zauritu zituen. Biktimok gogoan hartzeko eta omentzeko gune izango da, horrenbestez, San Frantzisko elizan paratuko duten memoria zentroa. 

Erakusketa iraunkor bat izango du memorialak, baina aldi baterako erakusketak ere izango ditu, baita ikerketa zentroa eta artxibategia.