Itxi

ELKARRIZKETA RADIO EUSKADIN

Asironen esanetan, "Iruñea martxan" jarri dute hilabete eskasean

eitb media

Leer en Castellano

Nafarroako hiriburuko alkatearen arabera, gobernu itunak "heldutasun handia" du, eta Nafarroako Gobernuarekin duten harreman onari esker, zenbait proiektu "desblokeatzea" lortu dute.

Joseba Asiron Iruñeko alkatea, Radio Euskadin. Argazkia: EITB

Joseba Asiron Iruñeko alkateak esan du udal gobernua hartu eta hilabete baino gutxiago behar izan dutela hiria "martxan" jartzeko, eta gaineratu du hori posible egiteko ezinbestekoa izan dela udal gobernuko itunaren "heldutasun handia".

Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean adierazi duenez, hiriko proiektuak "desblokeatzeko" beste arrazoietako bat Maria Chiviteren Nafarroako Gobernuarekin duten "harreman normalizatu eta arduratsua" izan da; izan ere, Asironen ustez, UPNren udal gobernuak "barrikada" gisa erabiltzen zuen Udala "Gobernuari oposizioa egiteko".

Horren harira, gogorarazi du legegintzaldi honetan hirian babes ofizialeko 4.000 etxebizitza egiteko proiektua aurkeztu dutela aste honetan bertan, eta Nafarroako Gobernuarekin elkarlanean egingo dituztela.

Era berean, alkateak iragarri duenez, aurrekontuak aste batzuk barru aurkeztuko dituzte zenbait urtez luzatu ostean, eta Sarasate Pasealekua berrituko dute, Erorien Monumentuari buruzko prozesu parte-hartzailea abiatuko dute; horrez gain, haur hezkuntza euskaraz egiteko aukera auzo guztietara zabalduko dutela hitzeman du.

Udalaren eredua EAEra zabaldu ote daitekeen galdetuta, Asironek erantzun du Iruñekoa ez dela egun bakarreko lanaren ondorioa, eta EH Bildu erakusten ari dela "nola egiten duen lan": "Jendeak jasotzen duena da EH Bilduk erabakimena duen lekuetan gauzak zintzoki egiten direla eta jendearen bizi kalitatea hobetzen dutela".