Donostia
Igeldoko toki-erakunde txikia sortzeko kontsulta apirilaren 14an egingo da
Agentziak | EITB Media
Bozketa apirilaren 14an izango da, 09:00etatik 20:00etara, Igeldoko Plazan dagoen Itsas Aurre eraikinean.
Orain Donostiaren barruan dagoen Igeldoko toki-erakunde txikia eratzeko kontsulta apirilaren 14an egingo da. Aurreikusita dago prozesu horretarako akordioa hilaren 22ko Donostiako osoko bilkuran onartzea.
Eneko Goia Donostiako alkateak jakinarazi du Igeldoko toki-erakunde txikia eratzeko akordioa onartu dela. Orain, Udalbatzak onartu beharko du, eta, halaber, toki-erakunde txikiaren oinarrizko lurraldeko hautesleei apirilaren 14an egingo zaien kontsulta berretsi beharko du.
Zehaztu duenez, osoko bilkurak hilaren 22an berretsi beharko du Gobernu Batzordeak hartutako eraketa-erabakia, baita kontsultarako deialdia, prozedura, egin beharreko galdera eta bestelako xehetasunak ere.
Bozketa apirilaren 14an izango da, 09:00etatik 20:00etara, Igeldoko Plazan dagoen Itsas Aurre eraikinean.
Donostiako alkateak adierazi duenez, aldeko emaitza izanez gero, espedientea Gipuzkoako Foru Aldundiari bidaliko zaio, foru dekretu bidez ebatz dezan.