Itxi

AMNISTIA LEGEA

Feijook Puigdemonten indultuari buruz esandakoak zehaztu ditu, Gobernua, PSOE eta Voxen kritikei erantzunez

EIDER JAUREGI OIARTZABAL | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Puigdemonti indultua emateko aukera aztertu zutela azaldu zuen atzo PPko buruak, eta horrek kritika handiak eragin ditu igande honetan. Izan ere, PPk hiru hilabete daramatza Espainia "hautsi" dutela salatzen, amnistia dela eta.

Alberto Núñez Feijoo PPko burua gaur, Ferrolen. Argazkia: EFE

Hainbat hilabetez amnistiaren aurkako protestak hauspotu ondoren, Alberto Nuñez Feijoo PPko presidenteak atzo Galizian esan ostean Carles Puigdemonti amnistia emateko aukera aztergai izan zutela, urak arre datoz Espainiako politika munduan. Kritika gordinak eragin ditu iragarpenak, eta atzo esandakoa argitzera atera behar izan du Feijook, arratsaldean egitekoa zuen beste ekitaldi politiko baten aurretik.

Datorren igandeko Galiziako hauteskundeetako "kanpaina lokaztu" nahi izatea leporatu dio PPko presidenteak Espainiako Gobernuari, eta Kataluniako procesa bultzatu zuten buruzagiak indultatzeko baldintzak ez direla betetzen nabarmendu du.

"Behar bezain argia izango naiz: ezetz esan dut, ezetz esan nuen eta amnistiari ezetz esaten jarraituko dut", esan du, neurri hori "legez kanpokoa eta Konstituzioaren aurkakoa delako eta espainiar guztien berdintasun-printzipioa hausten duelako".

Ikerketa judizialaren aldekoa dela berretsi du, bai Tsunami Demokraticeko "ustezko edozein terrorismo ekintza ikertzearen aldekoa", bai Kataluniako independentismoaren eta Vladimir Putinen erregimenaren arteko "ustezko edozein lotura ikertzearen aldekoa ere".

Are gehiago, Rajoyk esan du oposizioko burua dela amnistia eta "inolako aukerarik gabeko" indultuak "marra gorria" zirelako berarentzat, eta horrek "Gobernuko presidente izatea eragotzi" diola. "Sanchez jaunarentzat hau aukera politikoa da. Berak aukera politikoa erabili du eta ni nire printzipioekin geratu naiz", ihardetsi du.

Sozialistek gezurretan aritzea leporatu diote Feijoori

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentearen elkarrizketa kaleratu du igande honetan La Voz de Galicia egunkariak. Sanchezek bertan esan duenez, "Feijoo Voxen menpe ez balego, amnistia onartuko luke". Argudio hori defendatzeko, gogorarazi du PPk "inoiz argitu gabeko" elkarrizketak izan zituela Juntsekin.

Ildo berean hitz egin du Oscar Puente Espainiako Gobernuko Garraio eta Mugikortasun Iraunkorreko ministroak ere: "Bagenekien denborak arrazoia emango zigula. Ez genekiena zen Feijook hain azkar aitortuko zuenik", idatzi du X sarean duen profilean.

Zapatero Besteiroren aldeko ekitaldi batean, gaur, Galizian. Argazkia: EFE

Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako presidente ohiak salatu du eskuina "zitalkeria handiz" ibili dela azken hilabeteotan, eta popularrek irizpide aldaketa gehiago izango dituztela ere iragarri du.

PPk amnistiaren gaiarekin egin duen "dramatizazioa", Zapateroren ustez, "doilorkeria latza" izan da. Izan ere, asteak joan eta asteak etorri, jendea kalera ateratzera deitu dute "amorrua eta sumina" eraginez, Estatuko Gobernuaren aurka egiteko, eurek ere negoziatu zuten arren. Horregatik, PPren jarduna "hipokrisian eta gezur handi batean" oinarritzen dela salatu du.

"Ezin zenuten amnistia onartu, Voxek ez dizuelako inoiz hori bozketan babestuko", ohartarazi die presidente ohiak. Hala, Juntsen eta PPren arteko amnistiaren inguruko negoziazioak porrot egin bazuen ez zen izan Nuñez Feijook "ez zuelako nahi, ezin zuelako baizik", adierazi du Zapaterok.

Voxen haserrea

Hain zuzen ere, ultraeskuina oso haserre agertu da gai honekin. Santiago Abascal Voxeko buruak esan du PP "Sanchezen esparru politikoan" sartu dela eta "irain larria" dela espainiarrentzat.

Abascalen hitzetan, Pedro Sanchez "iruzurgileen burua ez balitz", Feijoo egongo litzateke postu horretan, PPko buruak "Espainian hautesleei inoiz egin zaien iruzurrik handiena egin berri baitie". "Feijooren eta PPren iruzur baten aurrean gaude. PPk jendea kalera ateratzen du indultuen aurka, eta, mahai azpitik, indultua aztertzeko prest daudela esaten diote Juntsi", adierazi du.

Santiago Abascal, komunikabideen aurrean. Argazkia: EFE

Katalanak

Kataluniako Gobernuak "despistatuta" ikusten du PP, Joan Ignasi Elena Generalitateko Barne kontseilariaren esanetan. Izan ere, "egun batean gauza bat esaten dute, eta hurrengoan kontrakoa", eta "irtenbide" gisa, PPk "oztopoak jartzeari uztea eta amnistia legearen alde bozkatzen uztea" proposatu du.

Gabriel Rufian Esquerraren Kongresuko bozeramaileak, berriz, eskatu du norbaitek azal diezaiola zergatik diren "traidore kontuak" ERCk eta PSOEk "aurrerapen sozial eta nazionalak" negoziatzen badituzte, eta zergatik ematen den ontzat "Junts eta Europako alderdirik ustelena" negoziatzen aritzea.

PSCko buru Salvador Illa indultuen eta amnistiaren alde agertu da, eta zalantzan jarri du PPk gauzak konpontzeko izan dezakeen borondatea, "inoiz ez baitzaie inporta izan elkar ulertzea eta elkarbizitza".

Albisteak (1)