EZTABAIDA
PPri eta Junts-i "gardentasunez" jokatzeko eskatu diete Espainiako Gobernuak eta alderdi politikoek
EITB MEDIA
Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohiari balizko indultua eskaintzeko bileren inguruko informazioek hautsak harrotu dituzte.
PPk eta Junts-ek Puigdemont-i balizko indultua ematea aztertzeko bileren inguruko informazioek alderdi politikoen eta Espainiako Gobernuaren erreakzioak ekarri dituzte. Gehienek ustezko bilera horien inguruko "gardentasuna" eskatu diete inplikatutako alderdiei.
Ildo horretan, Pilar Alegria Espainiako Gobernuko bozeramaileak PPri "gardentasunez" jokatzeko eskatu dio. "Gure buruari egin behar diogun aurreneko galdera da… Zer gehiago ezkutatzen digu PPk?", esan du.
Bere ustez, agerian geratu da PPk ez duela "inolako sinesgarritasunik esta printzipiorik ere". Alegriak gaineratu du PPren boto-emaileek "haserrea" sentitu beharko luketeela, "modu horretan engainatuta izan direla ikusi ostean".
Bestalde, Maria Jesus Montero Espainiako Gobernuko presidenteordeak adierazi du Alberto Nuñez Feijoo PPko buruaren "aitorpenek" islatzen dutela popularrek bat egiten dutela Gobernuak Katalunian duen politikarekin, "nahiz eta gogor kritikatu".
Raquel Sans ERCko bozeramaileak indultuak "deabrutzea" leporatu dio PPri, baina, aldi berean, indultu horiek Junts-ekin aztertu ahal izatea.
"Harrigarria da, aurrenekoz, PP balizko konponbide bati buruz hitz egiten ari da", gaineratu du.
Bien bitartean, Junts PPrekin izan ditzakeen harremanen inguruan isilik egotea erabaki du. "Zerbait gehitu behar badugu, egingo dugu", esan du gaur Josep Rius bozeramaileak.
Eztabaida, larunbatean piztu zen
PPko iturriek larunbatean eman zuten bileren berri. Iturri horien arabera, Alberto Nuñez Feijoo PPren burua Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohiari indultua emateko prest egongo litzateke baldintza hauek betez gero: neurria berak eskatzea, Justiziaren aurrean agertzea, zigorra betetzea eta erreferendumari eta alde bakarreko independentziari uko egitea.
Hainbat hilabetez amnistiaren aurkako protestak hauspotu ondoren, kritika gogorrak ekarri ditu informazioak.