Itxi

Tolosa

EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-IUk azalpenak eskatu dituzte Ertzaintzak Tolosan egindako kargaren inguruan

EITB Media

Leer en Castellano

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak azpimarratu du Jaurlaritzaren helburua dela gertakariak "guztiz argituta geratzea" eta ikerketak "Ertzaintzaren jardunaren gardentasuna" bermatzea. 

Eusko Legebiltzarra, artxiboko irudi batean.

EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-IUk azalpenak eskatu dituzte Ertzaintzak Tolosan astelehen goizaldean egindako kargaren inguruan. Agenteek jaurtitako "proiektil batek" zauri larria eragin zion begian 16 urteko mutil bati.

Hain justu, Ertzaintzaren barne-ikerketaren espedientea eskatu dio EH Bilduk Legebiltzarrari. Julen Arzuaga legebiltzarkideak adierazi duenez, "Ertzaintzaren protokoloak oso argiak dira proiektilak noiz eta nola erabili behar diren. Hori horrela, ezinbestekoa da Segurtasun Sailak albait arinen argitzea zer gertatu den kasu honetan, eta protokoloak bete ez badira, erantzukizunak eskatzea".

Tonu gogorragoan, Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusiak X sare sozialean gertatutako salatu eta "polizia-ereduaren erreforma sakona" eskatu du. 

Bere aldetik, Elkarrekin Podemos-IUk Josu Erkorekaren agerraldia eskatu du Eusko Legebiltzarrean. Ganberan azalpenak emateko eskaera idatzian koalizio moreak jaso duenez, "hainbat aldiz argi geratu da istiluen kontrako material horrek, hilgarritzat jota ez badago ere, ez duela indarkeriaren erabileraren oinarrizko irizpideak betetzen. Oso arriskutsua da, ez du bereizketarik egiten, eta hilgarria izan daiteke. Nola liteke hau gertatzen jarraitzea?". 

Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemos-IUren bozeramaileak uste du gertatutakoa "onartezina" dela, eta Iñigo Cabacas izan du gogoan. Basauriar gaztea duela 11 urte hil zen Ertzaintzaren pilotakada batek buruan kolpatuta. 

Zauritutako gazteari arin sendatzeko opatu dio Gorrotxategik, eta ikerketa "sakona" eskatu du, dagokionari erantzukizunak galdeginda.

Bestalde, Andu Martinez de Rituerto Tolosako alkateak gertatutakoa "albait arinen" argitzea eskatu du jaiak lasaitasunez gozatzera dei egitearekin batera. Villabonako Udalak ere argibideak eskatu ditu eta elkartasuna adierazi die zauritutako gazteari eta haren familiari. "Biolentzia polizialik ez!" lelopean, elkarretaratzea egingo dute gaur, 19:00etan.

Azkenik, ikerketari buruz galdetuta, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak Segurtasun Sailaren oharra aipatu du, informazio gehiago ez duela esanda. Bi kontutan egin du azpimarra: batetik, Jaurlaritzaren helburua dela gertakariak "guztiz argituta geratzea" eta ikerketak "Ertzaintzaren jardunaren gardentasuna" bermatzea.

Bestalde, Erne, Esan eta Sipe Ertzaintzako sindikatuek Josu Ekoreka Segurtasun sailburuari eskatu diote "Ertzaintza eta bere langileak defendatzeko jarrera har dezala".

Sindikatu horiek ohar batean azaldu dutenez, "Tolosako taberna batean eztabaida gisa hasi zena tragedian amaitu ahal izan zen, Ertzaintzaren ekintza kirurgiko profesionalagatik ez balitz".

"Gaur komunikabideetan irakurtzen dugu gazte bat, adingabea, gomazko pilota batek zauritu duela. Berriro ere, jomugan jarri nahi dira ertzainak, hauteskunde-garaia aprobetxatuz. Hori ez dugu onartuko. Bitartean, Erkoreka isilik dago", salatu dute ohar bateratuan.

"Lerro hauen bidez, zorionak eman nahi dizkiegu esku hartu duten agenteei, eta, aldi berean, Erkoreka sailburuaren agerraldia eskatzen dugu, Tolosan gomazko pilotak erabili izana publikoki gezurtatzeko, Ertzaintzaren defentsan agertzeko eta Ertzaintzaren esku-hartze profesionalari buruzko edozein susmo ezabatzeko", erantsi dute.

Albisteak (2)