Itxi

14 egun gose greban

Gobernua Uribetxebarriaren heriotzaren bila ari da, Herriraren ustez

Erredakzioa

Iñaki Egañak, gose greban dauden Herrira taldeko dozena bat kideren bozeramaileak, Uribetxeberriaren “sufrimendua” luzatzeak honen “heriotza” eragin dezakeela esan du.

Josu Uribetxebarriak 14 egun daramatza gose greban. Argazkia: EFE

Herrira kolektiboak adierazi duenez, “Espainiako Gobernuak, Auzitegi Nazionalaren Fiskaltzaren bitartez”, Josu Uribetxebarria “kartzelatik ateratzeko erabakia luzatzea mendeku gogoak” bultzatzen du, eta presoaren heriotza bilatzen duela gaineratu dute.

Gaur goizean, Uribetxebarriarekin elkartasuna adierazteko gose greban dauden dozena bat kideen ordezkari lana egin du Iñaki Egañak.

Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak osasun-txostena sakontzeko eskatu du, atzoko hainbat informazioren arabera, Uribetxeberriaren baldintzapeko askatasunaren inguruan erabaki bat hartu aurretik. Baliteke erabakia 10-15 egun barru hartzea.

Egañaren hitzetan, “argi eta garbi adierazten dugu: Josu kartzelan uzteko erabakiak Josu hil nahi du”. Egañaren ustez, presoa “atzerapenik gabe” utzi behar dute libre; Uribetxebarriaren “sufrimendua luzatzea” eta haren “heriotza” bilatzen duen “aitzakia sortari” amaiera emateko.

Gainera, Uribetxebarriaren egoera luzatzeak “oinarrizko giza eskubideen kontra” egiten duela eta bake-eszenatoki bat onartzeko prest ez dauden “sektore jakin batzuen mendeku gogoaz elikatuta” dagoela adierazi du Iñaki Egañak.

Presoa kartzelatik ateratzea aldarrikatzen duten zenbait mobilizaziotan parte hartzeko deialdia egin du Egañak berriz.

EH Bildu: "Alderdi Popularra presoaren sufrimendua luzatzen ari da"

EH Bilduk uste du “Legea eskuan izanik”, Josu Uribetxebarria presoa “kalean” behar lukeela, eta presoaren “sufrimedua luzatzen egotea” leporatu dio Alderdi Popularrari, “ultraeskuindarren amorrua baretzen” saiatzen ari den bitartean.

Koalizioak uste du popularrak “azken urteotan egindako akatsak ordaintzen ari direla, aurrerapausoak emateko borondaterik erakutsi gabe”. Hala adierazi dute Donostian emandako prentsaurrekoan. “Beraiek elikatu duten ultraeskuindarren haserrea baretzeko, bueltak eta bueltak ematera behartuta” daudela uste du EH Bilduk.



Albisteak (2)